Estellerriko euskararen hiztegia aurkeztu da

Joan ostegunean, azaroak 23, aurkeztu zen Estellerriko euskara liburua Frai Diego kultur etxean. Berrogei bat lagun hurbildu ziren eta bertatik bertara entzun zituzten liburuaren nondik norakoak. Diario de Noticiasek albistea jaso du: El euskera que se hablaba en Tierra Estella era muy parecido al batua actual.

Estellerriko euskara hiztegia bi bildumatan sailkatua dago, batetik, Altafaylla argitaletxearen Montejurra bilduma, non beste bi nabarmentzen diren: Gesalatz eta Jaizko euskara eta Lizarra euskara; biak Lizarraldeko euskararen ingurukoak.

Eta bestea Lingua Nabarrorum bilduma, Aitor Aranaren goi nafarrerako hiztegi guztiak eta zaraitzuera zein erronkariera hiztegiak barnebiltzen dituena. Une honetan 20 liburutik gora dira, non, besteak beste, bi nabarmenduko ditugun: Mañeruibarko euskara eta Ameskoako euskara. Gesalatz eta Jaizko euskara eta Mañeruibarko euskara argitaratu berri den hiztegiaren parte dira, ez ordea Ameskoakoa, beste euskalki bat baitzen.

Ohikoa den bezala, aurreko hiztegietan ere hala izan da, garai ezberdinetako Lizarraldeko euskararen lekukotasunen iturri nagusiak izan dira, batetik, testu idatzi zahar luzeak, batik bat Mañeruibarko eta Gesalazko dotrinak eta sermoiak, eta Deikazteluko sermoia. Bigarrenik, eskualde zabal honetako toponimia aberatsa. Hirugarrenik, gaztelanian kamuflatuta geratu zaigun hondarreko euskara eta baita bestelako iturriak ere, hala nola botanika.

Dena den, iturri guztiek ez dute hitz kopuru bera eman, hala, Gesalatz eta Mañeruibarko hiztegiek 5 hitzetik 3 eman dituzte; eta toponimiak 5etik 1. Horiei Deikazteluko sermoia batuta, hiztegiari hitzen %84 inguru eman dizkiote.

Baina, edizio dotoreaz gain, zein interes du hiztegi honek? Batetik, pentsatzeko da interes akamedikoa izanen duela, arloko adituentzat, hizkuntzalarientzat, eskualdean orain arte agertu diren hitzen bilduma zorrotza da. Bestetik, identitarioa.

Honako mapa hauetan Lizarrako merindadea ikus dezakegu, udalerriak; mendebaldeko mugan Araba eta hegoaldean Errioxa, iparraldean Urbasa-Andia (kolore zuriz), eta ekitaldian gorriz adierazi ditugu Merindarearekin mugakide diren herriak. Bestalde, ezkerreko mapan ikus daiteke Mikel Belaskok toponimia aztertuta nabarmendu zituen euskalkiak, hala, berdez Ameskoako euskara (mendebaldekoa) eta urdinez, goi-nafarrera.

Bestalde, eskuineko mapan dugu 2021eko Nafarroako Gobernuaren araberako ikerketan, udalerriz udalerri, euskararen ezagutza. Hala, urdin ilunez, euskaldunak %10 edo gehiago direnak; urdin argiz, %4 eta %10 artean; eta besteak hortik beheiti.

Ezkerrean toponimia mapa eta euskalkiak, eskuinean euskararen ezagutza 2021

Motibo asko daude eremu batzuetan besteetan baino bizkorrago aitzinatzeko euskara, besteak beste euskara ikasteko baliabide gehiago izatea, baina ziurrenik bada gako izan den beste motibo bat: etxe eta herrietan euskararen txingarrak gorde izana, memoria kolektibo bat non herritarrek presente zuten noizbait euskaldunak izan zirela. Zalantzarik gabe, arbasoen oihartzunak, bai leku izenetan, bai gaztelanian gorderik biziraun duten hondarreko euskaran: ziriquear, el bizcar de la casa, las atxunes y abarras, las biurris, la zaborra, la mandarra, ser zikiñoso, auzolan, …

Bakoitzak berea topatu beharko du, azpian hizlarietako baten familia-memoria, Lizarraldekoa izan ez arren, bere amatxiren hitzak; euskararen hondarrak, memoria itzali baino lehen hurrengo belaunaldira pasa direnak.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena