Lizarraldeko Institutuan D ereduko ikasleak euskararen alde kateatuak: Diskriminazioarekin amaitu

Ikasleak kateatuta
(Ikasleak Lizarraldeko Institutuan kateatuta. Argazki guztiak Ikasle Abertzaleak-en webgunetik hartuak)

Zabalduen dagoen hezkuntza eredua honakoa dugu: 0-3 urte bitartean haur eskola dugu; gero Haur Hezkuntzako (HH) hiru ikasturte; Lehen Hezkuntzako (LH) sei; eta, azkenik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4 ikasturte. Ondoren, derrigorrezko hezkuntza amaituta, ikasten jarraitzeko bi bide nagusi zabaltzen zaizkio Lizarraldeko gazteari: batxilergoa egitea Lizarrako Institutuan ala Politeknikoan, edo Lanbide Heziketa azken honetan ere.

Jakina denez, Politeknikoan, egun ez da euskarazko irakaskuntza jasotzeko aukerarik, bai, ordea, Lizarraldea Institutuan. Azken honek zerbitzu ematen dio ia Lizarralde osoari, Lodosa eta Vianatik ere etortzen dira bertara. Bere garaian arrakasta ikaragarri garrantzitsua izan zen bertan D eredua lortzea, hona bitxikeria:

Berez, bitxikeria gisa, Remontibal ikastetxe publikoan D eredua eskuratu baino lehen lortu zen institutuan, garaiko borrokari esker. Ikastoletako ikasleek hornitu zuten urte luzez batxilergoa. Gogoratu beharra dago lehen 14 urterekin amaitzen zela ikastola, hortik aurrera euskaraz ikasteko aukera izan ez bagenu… Hortaz, aurrerapen ikaragarri garrantzitsua izan zen hura.

Lizarraldeko mapa

Berez, eta orain arte, D ereduan Lizarrako ikastetxe publikoetan (0-18) eta Lizarra (0-16), Viana (0-12) zein Lodosako (3-12) ikastoletan ikas zitekeen. Viana eta Lodosako ikastoletan ikasitako haurren familiek, 12 urtetik aurrera eta euskal ereduan jarraitu nahi bazuten, haien baliabideekin bidali behar zituzten Lizarrara kilometro asko eginez, euro asko gastatuz eta ordu asko emanez. Lizarrakoak ez ziren beste askok autobusa erabili zezaketen, euskaraz ikasteko eskubidea aitortu ez arren Eremu Diskriminatukoei.

Batxilergora iristean Lizarrara etortzeko autobusa eskaintzen zaie eredu guztietako ikasleei. Nafarroako Gobernuak horretarako eskubidea aitortu ez arren, eskubide hori gauzatzeko baliabideak jartzen ditu. Kontua zera da, arazo batekin egiten dugula topo: D ereduko ikasleek ordutegi ezberdina dute. Batxilergoko ikasleek besteek baino 280 bat ordu gehiago ematen dituzte, euskara. Horren aitzakian, eta beste ereduetako ikasleekin bat egiten ez dutenean ordutegian (astean bitan edo hirutan izan ohi da), ez dute itzultzeko autobusik.

Arazo hau ez da, noski, Lizarraldean endemikoa, Iruñerrian ere, adibidez, gertatzen da, baina agerikoago dago Lizarran. Hegoaldeen dagoen euskal batxilergoa izanik, arazoak nabarmenagoa egiten du ereduen arteko diskriminazioa Batxilergoko ikasleen erdia inguru herrietakoa delako.

KateatutaKateatuta

Hori dena salatzeko burutu zuten, joan den astearte goizean, ikastetxeko atean kateatzeko ekintza sinboliko eta baketsua, horrela “A ereduko ikasleak, D ereduko presio eta sentsazio hori izatea, 15:15 arte kateatuta egon beharko balirateke bezala“. Ekintzaren gorabeherak ezagutzeko, Foruzaingoaren jarrera tarteko, hobe jatorrizko albisteetara jotzea: Ikasle Abertzaleak-en, Ahotsa.infon, Topatu.eus-en eta Zuzeu.eus-en.

Bestalde, hemen egindako eskaeren zerrenda:

D eredukoen egoera aldatzea eta A eredukoen berdina izatea

Nafar Gobernuarekin hitz egitea (Hezkuntza sailarekin konkretuki) D eredura joaten diren ikasle nafar guztien egoera aldatzeko

Herriko jendeak garraiorako subentzioa lortzea eta klase orduak murriztea edo bestelako kasuan, esfortzu horrek errekonozimendu bat izatea, euskara titulu batekin esaterako.

Doala hemendik nire eskerrik zintzoena eta zorionak gazteei, une egokian ekintza bikaina burutu dutelako. 1970eko hamarkadan Ikastola sortu zen, 1980koan Institutuan euskal adarra ernatu, 1990ekoan Remontibal ikastetxe publikora zabaldu, 2010ekoa zuen, gaur gazte zareten horien hamarkada izanen da: euskara lizarratarren pribilegio izateari utzi zioenekoa eta Lizarraldeko herritar guztien eskubide eta aukera bilakatu zenekoa.

Alfredo.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena