Normal, Lizarra, normal

Hizkuntza eskubideak, euskaldun hartzailea, TAN, oposizio-lehiaketa, Hizkuntza Profila, merezimendua, udal ordenantza, Foru dekretua, zirkuitu elebiduna, lan deialdia, … hitzen labirintoa gauza xinpleak azaltzeko, edo korapilatzeko. Galdera erraza da, euskaldunok gure udalarengana normal joan al gintezke?

Normal(izazio). Udalean eskaera bat egin nahi dut, zergaren bat ordaindu, kirol jarduera batean izena eman, Arieta haur eskolan matrikulatu, komunitate energetikoa sortu, tramite bat egin, dirulaguntza, berdintasun zerbitzutik psikologoa behar, aitatxi zahartua eta gizarte zerbitzuei etxeko zaintzarako laguntza-eske, errolda datuak berritu, arkitektoarekin kontsulta, udaltzainari laguntza eskatu… nola? zer dokumentu? epea noiz arte? Tori … eskerrik asko … hurren arte.

Ah, no, no entiendo, no sé euskera.

Normal.

Langileak euskara jakitea. Udalak bi tresna nagusi ditu zerbitzua euskaraz ere emateko:

Bat, egungo langileei euskara ikasten erraztuz. Langileak ez daude derrigortuta euskara ikastera, baina Udalak erraztu dezake langileei matrikulak doan eskainita, haientzako berariazko ikastaroak antolatuta, ikastaroak lanordutan egiten edo ordu horiek konpentsatuz ordu libreekin.

Bi, lan deialdietan euskara eskatuz. Administrari, berdintasun teknikari, gizarte langile, kultura teknikari edota idazkari lanak egiteko badira eskakizun batzuk: lanpostuari dagozkion titulazioak eta ikasketa espezifikoak, gidabaimena, … eta baita hizkuntzak ere. Gaztelania eskakizun da. Euskara eska daiteke, eta hala egingo bada eskakizun hori udaleko plantilla organikoan jaso egin behar da.

Plantilla organikoa. Udalaren lanpostuak zerrendatzen dira bertan, zein mailatakoak diren, oinarrizko soldataren osagarriak zeintzuk diren eta bada aukera ere hizkuntza eskakizuna bertan ezartzeko. Urtero onartzen da plantilla eta une honetan 120 lanpostu daude Lizarrako udalean, 10 arlotan edo ataletan banatuta, gehi Musika eskola. Horietatik 13 baino ez dute hizkuntza eskakizuna, hamarretik bat ia.

Ah, no, no entiendo, no sé euskera.

Normal.

Merezimendua. Lanpostu batean euskara jakitea betebeharra izan daiteke edo merezimendua. Hau da, lanpostua eskuratzeko azterketa hutsa izan daiteke, edo puntuak eskuratu ahalko dira hainbat ezagutzarengatik: egindako ikasketak, prestakuntzak, lan-esperientzia, edota euskara ezagutza. Udaleko araudiak dio gutxienez % 6 izango dela euskara jakitea.

Egun on, bai: tramitea honela eta honela egin behar duzu; ez horregatik, ongi izan.

Normal.

Lizarran ere Bagara

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena