Lizarrako Udalak webgunea berritu zuen: euskarazko udal-albistegia

Nabarmena zen Lizarrako Udalaren webgunea aspaldi berritu beharra zegoela, urtebete honetan, bitan agintari aldaketa izan delarik, atari digitala goitik behera eraberritu dute.

Gatozen baina harira. Atariak itxura argia du, informazioa erraz topa daitekeela ematen du eta informazio asko jartzen du eskura. Ohikoa den bezala alde estatikoa du (gutxitan aldatuko den informazioa) eta dinamikoa. Azken kasu honetan, eta bereziki interesgarria, udal albisteen atala. Bereziki interesgarria bi aldetatik: batetik, beste komunikabideen galbahetik pasa gabe Udalak zuzeneko informazioa emanen duelako eta, bestetik, tokiko hedabide ia guztiek ez bezala, euskaraz ere emanen duelako informazio hori.

Edozein kasutan, normala den bezala, sortu berria den webgune batek zer hobetzekoak baditu. Lehenik, eta atzera eginez, webgunera sartu aurretik honen lotura edo esteka probatu dugu. Alde horretatik bi hobekuntza proposamen:

  1. Batetik, Firefox tresnarekin sartu gara atarira eta nabigatzaile honen nabigazio-hizkuntza euskara genuen. Lehen aldiz sartu eta hasierako pantailan euskaraz edo gaztelaniaz jarraitu nahi genuen azaldu zaigu, euskara aukeratuta aurrera egin dugu. Ondoren, nabigatzaile itxi, berriro ireki, zuzenean sartu eta zuzenean atariaren gaztelaniazko aldera eraman gaitu. Ustez, cookiek detektatu dute jada ez zela bisitari berria eta zuzenean gaztelaniazko aldera eraman du. Konpondu beharko: edo berriro galdetu hizkuntzagatik, edo egindako hautua gorde, edo, zergatik ez, zuzenean euskarazko aldera eramatea.
  2. Bestalde, estella-lizarra izenarekin “.eus” eta “.com” domeinuek, biek, eramaten dute Udalaren atarira, ez ordea “.es”-ek, nahiz eta erregistratua egon (ez dakigu nork). Bestalde, estella eta lizarra aldaeren domeinuak ere hartuta daude, baina ez dute Udalaren webgunera eramaten, Udalak hartuak dira? edo beste entitateren batek?

Behin barrura sartuta, gehiegi sakondu gabe, badira hobetzekoak ere:

  • “Nabarmendutako albistea” (1) gaztelaniaz agertzen da era automatikoan, albistea bera euskaraz ere badagoenean. Hortaz, badirudi konfigurazio arazo bat dela eta ez edukia euskaraz ez egotearena.
  • Esteka interesgarrien atalean, behean, informazio gehigarria itzultzaile automatiko batekin eginda dagoela dirudi (2), zuzenean gaztelaniaz agertzen da (3), edo akats nabarmenak ditu (4).
  • Menu nagusian “Gaurkotasuna/Actualidad” sakatuta ez garamatza inora, egokiena dirudienean “Albisteak” atalera eramatea.
  • Bestalde, nabigazio arina egitean, akats batzuk agertu dira. Adibidez, Rocamadorreko Andre Mariaren Basilikari buruzko atala Nafarroako Errege-Erreginen jauregia balitz bezala iragartzen da, edo Donejakue Bideko aterpetxeen informazioa, gaztelaniaz. Beste era bateko zuzenketa eskatuko luke Ordenatzen atalak, (ia) guztiak gaztelania hutsez daude.

Azkenik, akatsa ez izanik ere, faltan botatzen dira euskarari buruzko aipuak, bereziki Lizarrari buruzko datu interesgarrietan eta historian.

 

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena