Irakurketa kanpaina: Lehen irakurleak eta hauen liburu gomendioak jaso ditugu

Gareanek Irakurri, Gozatu, Bertan erosi eta Oparitu kanpaina abiatu eta berehala zabaldu ziren Covid-19 birusaren aurkako neurriak: ikastetxeak eta liburutegiak itxi, baita liburu-dendak ere, etxealdia… Hori dela eta, kanpaina egokitu eta etxetik eta etxean egiteko moduan proposatu zuen, hiru urrats errazetan:

  1. Irakurri etxean duzun euskarazko liburu bat, edo online eskuragarri daudenak.
  2. Formulario labur hau bete: https://labur.eus/2DWRe
  3. Konfinamendua amaitutakoan, %25eko deskontu-txartela emango dizuegu euskarazko liburu bat erosi ahal izateko Lizarrako liburu-dendetan. BERTAKO ekonomia bultza dezagun!

Eta gainera… apiril eta maiatzeko parte hartzaileen artean 30 euroko erosketa-txekea zozketatuko dira Lizarrako liburu-dendetan erabiltzeko.

Honela, lehen irakurleen fitxak jasotzen hasi gara. Hona hemen haien irakurketak, irudiak eta iruzkin laburrak:

Mikel Pinillosek Pako Aristiren Arrotz eta eder poema liburua irakurri du. Eta zergatik gomendatu galderari honela erantzun dio: “Pakoren Poesia irakurterraza delako eta era berean sakona, zintzoa eta probokatzailea. Zalantzan jartzen du gure bizimodua eta agerian uzten gure kontraesanak baina modu zuzen, hurbil eta ederrean. Liburu hau 40-50 urteen bueltan dabiltzanentzat edo hortik goragokoentzat gomendagarriagoa da. Gazteagoak Pakoren ‘Libreta horiko poemak‘ liburutik hasi daitezke.”

Alfredok, aldiz, H.P. Lovecraften Eromenaren mendietan irakurri du egunotan, Ainhoa Ruizek itzulia, bere hitzetan “liburu laburra bezain trinkoa, inguruaren deskribapen beldurgarriz osatua”. Gutxitan euskaratu da fantasia eta beldurrezko literatura; berez, Lovecraften eta haren inguruan sorturiko ipuin zikloan honakoa dugu, ustez, itzulitako bakarra. Hain zuzen ere bere kontakizunik luzeena.

Liburuari buruz, honakoa kontatu digu: “1930eko hamarkadan Antartikara bidaiatzen duen espedizio baten narrazioa da, zientzialari batek kontatua. Honetan, zientzia errealitarearen errezela zeharkatzen saiatzen denean mundu izugarri eta beldurgarri bat topatuko du atzean. Gizartea izu den honetan, etxealdi garaian gaudela eta zientziari so, liburu aproposa patxadaz irakurtzeko!”.

Iraidek, 10 urtek lizarratarak, Txano eta Oscar anaien abenturak irakurri ditu, Julio Santosen Maxi Operazioa. Nori gomendatuko liokeen argi du Iraidek: ” Abenturak eta misterioak gustatzen zaizkion lagun bati gomendatuko niokie. Anaiek, bere lagun hoberenak, beraien ahizpa txikia eta beraien txakurra Maxi abentura izugarri handiak pasatzen dituztelako eta sentsazio desberdinak sentitzen dituztelako.”

Iagok eta Ainarak liburu bana irakurri dituzte, mutikoak Brigitte Weninger eta Eve Tharleten Bat denontzat eta denok batentzat! irakurri du, “Niri gehien gustatu zaidan partea, lagun bat animatu dutenean izan da. Animo, irakurtzera!”.

Ainarak, aldiz, José Angel Lopetegiren Euskal Mitologiako Kondairak Haurrentzat, bere hitzetan “ipuin hau gomendatuko nuke, mitologiaz jakin nahi baduzu hau aukeratu behar duzun ipuina delako. Eta dibertigarria izanez gain ere mitologiako pertsonai ezagunenak aurkezten dizkizulako. Ea ba, zergatik ez irakurri!? Nik animatzen zaituztet, animo!”

Jurre txikiak eguraldi ederra probestu eta liburutegia balkoira ateratzea erabaki du. Oraingo honetan Ibai, zer izan nahi duzu handitan? irakurri du, Jeanne Willis eta Mary Reesena, Antxine Mendizabalek itzulia: “Gehien gustatu zaidana balleta egiten zuenean izan da, baita ere bibolina jotzean, amaren ipurdian jotzen zuela. Oso barregarria da”.

Iratik Ana Jakaren Marimutila naiz eta zer? liburua irakurri du eta, berak azaldu digu gaia: “hasieran neska zen ume bat azkenean marimutil bihurtu zela”. Berez, leku arruntetan gertatzen den kontakizuna dugu, “ikastolan, etxean, arropa dendan, gasolindegi batean…” eta Iratiren pasarterik gogokoena da “ezkontzara joaten denean nahi duen jantziarekin”.

Jarraian Ana Jakaren liburuaren aurkezpen laburra:

Alaznek ez du ohetik jaiki behar izan bere liburua irakurtzeko, Barbara Cantiniren Mortina: Lehengusu biziki esnoba. Eta zergatik gomendatuko luke? “Misteriozkoa delako”.

Azkenik, momentuz, Mª Fernandak Anjel Lertxundiren “Horma irakurri du.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena