Lizarrako liburuzain eta dendarien gomendioak

Gareanek martxoaren 15erako iragarri zuen Irakurri, Gozatu, Bertan erosi eta Oparitu kanpainak, egoerak hala behartuta, metamorfosia burutu du, tximeleta balitz bezala, eta (Etxean) Irakurri, Gozatu, (konfinamendua amaitutakoan) Bertan erosi eta Oparitu bilakatu da.

Hala ere, gerora begira ere jarri gara, eta Lizarrako liburu-dendariekin, liburuzainekin eta kanpainaren kudeatzaile bati galdetu genien zein liburu gomendatuko lukete oparitzeko. Ikusi nahi?

Clarin liburudendako Gemmak lau liburu gomendatu dizkigu: Magnus Weightmanen “Ibaian behera” liburu ilustratua eta haurrak oheratzeko ipuin ilustratu sorta, “Lo Potolo”, askotariko idazleekin. Helduentzako, aldiz, Joxean Agirreren “Nobela errealista bat” eta Bernardo Atxagaren azkenekoa, “Etxeak eta hilobiak”. Dragon Comics-eko Asierrek bi proposamen egin dizkigu, haur-gaztetxoentzako abenturazko komikia, “Kortsarioen ostatua”, Dani Fano eta Guillermo Gonzalezena, eta helduentzako “Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak”, Dani Fanorena hau ere. Estitxuk, IGBO kanpaina honen antolatzaileetako bat, Slavenka Drakulicen “Han ez banengo bezala” eleberria proposatu digu, eta gazteentzat, aldiz, Lorenza Manzettiren “Zerua gainbehera dator”, 12-14 urtetik aurrera ezin egokiagoa.Inok, izen bereko liburudendako arduradunak, Ramon Saizarbitoriaren “Miren eta erromantizismoa” gazte jendearentzat eta Ibon Martinen “Onin eta sorginen sekretua” haurrentzat. Irrintzi liburudendako Leok hiru proposamen ekarri dizkigu: Harkaitz Canoren “Fakirraren ahotsa” eleberria eta “Maite zaitut” album ilustratua helduentzat, eta haurrentzako “Afaltzera etorri zen arkumetxoa”, Steve Smallman eta Joëlle Dreidemyrena. Karmele Jose Maria Lakarra liburutegiko liburuzainak azken Etxepare Saria gomendatu digu, “Etxe honetan” album ilustratua, Aintzane Usandizaga eta Gastonena. Helduentzako aldiz Patxi Zubizarretaren “Julien Vinsonen bidaia”.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena