Kotarro aldizkariko Foto-inkesta: Hondakinen kudeaketa

Ematen duenez presentzia gero eta handiagoa ari da hartzen klima aldaketaren gaia. Gainera, duela gutxi gertatutako Zaldibarko ezbeharrak hondakinen kudeaketaren gaia jarri du mahai gainean. Gure txikitasunetik hondakinen kudeaketaren inguruan jardun dugu oraingoan.
1- Birziklatzen al duzu? Zergatik?
2- Zer egin daiteke hondakinak gutxitzeko?
3- Zer esan jendeari zaborraren kudeaketaren inguruan ardura har dezan?

   Amaia

1- Bai. Birziklatzeak gure zaborraren ingurumen-eragina gutxitzen laguntzen duelako.
2- Beste gauzen artean, plastikozko ontzi zein poltsak ez erabiltzea. Erosketak egiteko orduan erabilera bakarreko produktuak ekidin eta oihalezko poltsa edo beirazko ontziak erabili daiztezke.
3- Planeta zaintzea guztion ardura da eta horretarako sortzen ditugun hondakinak ongi kudeatzea oso garrantzitsua da. Birziklatzearen bidez, errazagoa da hondakinak berrerabiltzea eta prozesamendu edo suntsitze prozesu egokia izatea. Zaborraren kudeaketak berebiziko garrantzia dauka gizarte jasangarri bat lor dezagun.

Victor Marco

1- Bai, birziklatzeko ohitura hartu nuen txikitatik eta gaur egun jarraitzen dut gure komunitatea laguntzeko asmoz.
2- Kontsumo arduratsua sustatu eta hemengo produktuak bultzatu beharko genituzke, honela hondakinak gutxituz.
3- Nire ustez, jendeak jakingo balu kontsumitutako hondakinen bidaia zein den eta gugandik gertu nora botatzen diren hondakinak, gure paisaiak zikinduz, beste jarrera izango luke. Behintzat kontsumoa murriztuko luke.

Unai

1- Bai. Bizi garen lur honek bizirik jarraitzea nahi badugu, ezinbestean hartu behar dugu hau zaintzeko konpromisoa. Birziklatzea horretarako ekarpen xume bat besterik ez da.
2- Kontsumo eredua aldatzea izango litzateke hondakinak gutxitzeko ekarpen handiena. Kontsumismoarekin itsututa bizi gara.
3- Gure inguruak garbi eta osasuntsu nahi baditugu, zaborraren kudeaketaren ardura hartzea derrigorrezkoa dela.

Borja

1- Bai, birziklatzen dut, betidanik hori ezagutu dut nire etxean. Bakoitzak bere aldetik ahal duena egiten badu aurrepausoak eman ditzakegula uste dut.
2- Hondakinak gutxitzeko ahalik eta hondakin gutxien sortzen saiatu behar dugu. Gauzak berrerabiliz eta birziklatuz. Gure eguneroko erosketak komertzio txikietan egingo bagenitu, plastiko gutxiago sortuko genuke, frutak, barazkiak, etab. Plastikorik gabe erosiko genituzkelako.
3- Datuak erakutsiko nizkioke. Sortzen dugun zabor guztiaren tamaina eta horrek duen eragina jakingo balu, ardura pixka bat hartuko luke, edo hori pentsatu nahi dut.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena