Gareanek irakurketa kanpaina egoera berrira egokitu du

Gareanek martxoaren 15erako iragarri zuen Irakurri, Gozatu, Bertan erosi eta Oparitu kanpainaren abiapuntua. Baina, egoerak hala behartuta, kanpaina honek metamorfosia burutu du, tximeleta balitz bezala, eta orain: “(Etxean) Irakurri, Gozatu, (eta, konfinamendua amaitutakoan) Bertan erosi, eta Oparitu” bilakatu da.

Esan bezala, egoerak behartuta, Lizarrako liburutegiak erabiltzaileendako ateak itxi behar izan ditu eta, hortaz, Gareanek abiatu berri duen “Irakurri, Gozatu, Bertan erosi eta Oparitu” hankamotz geratu da. Hori dela eta, programa honi dagokionez, bi proposamen ditugu:

Batetik, egitasmoak martxoaren 15etik maiatzaren 31rako iraupena dauka. Egitasmoaren amaiera data atzeratu eginen da, oraingoz ezin aurreratu noiz arte, baina konfinamenduaren eta liburutegi zein liburu-denden itxialdira egokitzen saiatuko gara.

Bestetik, proposamen batekin gatozkizue, halabeharrezko etxeko giroa aparta izan daiteke irakurri eta gozatzeko, zergatik ez probestu?

  1. Irakurri etxeko apalategian ahaztua duzun euskarazko liburua, edo hartu online mailegua Nafarroako eLiburutegian (223 euskarazko liburu), edo deskargatu literatura euskaraz doan eta legezko eran, Booktegi.eus-en edo Armiarma.eus-en. Eta gozatu etxeko sofan edo ohean jezarrita. Edo irakurriozu etxeko haurrei.
  2. Irakurritakoan, bidaliguzu mezu bat Gareanen helbide elektronikora (garean@gmail.com), bertan adieraziz: irakurlearen datu pertsonalak (izen-abizenak, herria, adina eta telefonoa), irakurritako liburua (izenburua eta idazlea), eta bizpahiru lerrotan zergatik gomendatuko zenukeen liburu hori. Eta, animatzen bazara, bidali zure argazki bat sare sozialetan argitaratzeko (azken hau hautazkoa da).
  3. Konfinamendua amaitutakoan, zure zain izango duzu %25eko deskontu-txartela, euskarazko liburu bat erosteko Lizarrako liburu-dendetan: Clarin, Dragon Comics, Ino edo Irrintzi.

Eta gainera… hileko parte hartzaileen artean 30 euroko erosketa-txekea zozketatuko dugu Lizarrako liburu-dendetan erabiltzeko, zozketak apirila amaieran eta maiatza amaieran. Bestalde, zer erosi edota oparitu ez dakizula? Lasai, Egaren bazterreko hiriko liburu-dendariek eta liburuzainak badute zer gomendatu.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena