Lizarra Ikastolaren “Udan orriak erortzen dira” ekimenarekin bat egiten dute, TEDEReko euskara arloaren eta lehen edizio honetan Txalaparta argitaletxearen babesarekin.
Lizarra Ikastolak bultzatutako ekimena herritar guztiei irekia da eta udan euskarazko irakurzaletasuna bultzatzea du helburu. Horretarako, Txalaparta argitaletxearekin batera, adin ezberdinei zuzendutako liburu batzuk aukeratu dituzte, Lizarrako Ino, Clarín eta Dragon Comics liburu-dendetan eros daitezkeenak, udazkenean udako irakurketa hauei jarraipena emango dieten jarduera ezberdinen oinarri izango direnak.
Izan ere, urrian topaketak izango dira liburuetako idazleekin, eta euren ilustrazioak marraztu dituztenekin, baita adin ezberdinetarako bestelako jarduerak ere, guztiak ere liburuen gaiekin lotuak eta publiko orokorrari irekiak. Horien berri aurrerago emango da.
Baina, lehenik eta behin, liburuak erosi, udan irakurri eta bertan jorratzen diren gaien inguruan hausnartu behar da, dauden giza harreman anitzetan arreta berezia jarriz eta emakume begirada berezia jarriz.
Hauek dira aukeratutako liburuak eta horiek eskuratzeko saltokiak:
- “Katixa dorre magikoan” (10-12 urtekoentzat) Antton Kazabon/Liébana Goñi eta “Ez duzu sinetsiko” Aintzane Usandizaga/”Gastón” (12-14 urtekoentzat) Ino Liburudendan.
- “Iruleak” (14-16 urtetarako eleberri grafikoa) Garazi Albizua/Olga Carmona Dragon Comicsen.
- “Akabo” (16 urtetik aurrera), Laura Mintegirena, Clarin Liburudendan.
Uda une egokia da abenturak bizitzeko, mundu berriak deskubritzeko eta urtean zehar sakontzeko aukerarik ez dugun gaien inguruan hausnartzeko. Gainera, euskaraz eginez gero, udan Estellerrian erortzen diren orriak udazkenean itzuliko dira sorpresekin. Beraz, Estella-Lizarrako liburudendetatik animatzen zaituztegu ekimen honetan parte hartzera eta euskarazko irakurketaz gozatzera.





