UPNren festa-ereduan Udalak zuzenean kontratatutako ikuskizunetan euskara ia ez da ageri: 2024an haur-jarduerarik ez eta 2025ean bat izanik, aurten hiru jarduera antolatzea albiste ona dugu.
Udalaren esanetan aurten haur programazioa handitu egin da “Los Llanos pasealekuko ikuskizunen kopurua handituz: sei jardueratik zortzira igaroko dira”, eta jarraian zehaztu du “horietatik bost gaztelaniaz eta hiru euskaraz” izan direla. Hori baina, erdizkako egia da:
- Kontabilitate “kreatiboa”. Egitarauari erreparatuta, Los Llanos pasealekuko haur jarduerak 13 dira eta ez 8 Udalak adierazi bezala. Zenbaketa interesatu horretatik kanpo utzi dituzte Gorgorito txotxongilo antzerki pertsonaiaren 5 emanaldiak, gaztelaniaz noski. Horri gehitu behar San Martin plazako haur tailerrak eta Foru plazako ur parkea.
- Gaztelaniaren B kutxa. Los Llanos pasealekuko euskarazko haur-jarduerak batetik hirura pasa dira, baina, hori bai, Udalak zuzenean antolatuko dituen euskarazko jarduera bakarrak izango dira. Egin kontu, aurtengo festek Udalaren aldetik 352.000 euroko aurrekontua izango dute, kontuan hartu gabe zezen-ikuskizunak.
- Haur-jardueren aniztasuna. Gaztelaniaz Clown-a, DJ musika eta jolasak, magia, pailazoak, tailerrak eta jolas parke handia izango dira. Euskaraz pailazoak, pailazoak eta pailazoak.
Bestalde, merezi du Udalaren musika eskaintzan une batez pausatzea: Ikuskizun-orkestrak 5 izanen dira: Kripton, Jamaica Show, Taxxara, Vulcano eta Gran Reserva. Gainera, Mondragon Orkestra, la Poptelera, Puro Relajo eta Huecco arituko dira. Laburbilduz, 5 orkestra eta 4 musika talde. Horien artean bakarrak ditu euskarazko abestiak errepertorioan: Puro Relajok. Halere, horrek ere erdarazko errepertorio nabarmen handiagoa du.

Bota Peñak, Ikastolak
eta Gareanek
jarduera ugari antolatuko
dituzte festetan…
Horrek ez du esan nahi festetan ez dela euskararik egongo, Bota Peñak, Ikastolak eta Gareanek jarduera ugari antolatuko dituzte festetan eta Udalak horiek lagunduko ditu. Dena den, Udalak zuzenean antolatzen dituen jardueren aldetik, aurten emandako urratsa zoriondu eta datorren edizioetarako proposamenak:
- Haurrak etorkizuna dira. Haur jarduerak 15 badira, gutxienez bost euskaraz izatea.
- Haur jardueren aniztasuna handitu. Ipuin kontalariak, antzerkiak, berbenak, pailazoak, koreografiak, jolas parkeak, sormen tailerrak… Aisialdi eta kultur ikuskizunak izan daitezela diziplina-anitzak.
- (Sasi)arnasgune funtzionalak berreskuratu. Santiago plaza eta txosnagunea festetako sasiarnasgune dira: musika programazioa, zerbitzarien euskara ezagutza, mezuak eta hizkuntza paisaia… Bota Peña plazara normaltasunez itzuli ondoren txosnagunearekin berdin egin beharko litzateke.
- Foru plazako kontzertuak: Eraman euskara gauaren erdigunera. Festetan, Foru plazan 8-10 orkestra eta musika talde kontratatu ohi ditu udalak. Sasiarnasguneak geto izan ez daitezen euskarak presentzia behar du herriko beste eremuetan ere.
- Ekarpen kualitatiboa. Kultura zerbitzuak egungo euskara/herri ekimen ereduan ez dagoen ekitaldia ekar lezake.

Udalaren euskarazko programa
- Ostiralean 17:30etan, Bizi-bizi zirkua ikuskizuna Kiki, Koko eta Moko pailazo konpainiarekin. Los Llanos pasealekua.
- Larunbatean 11:00etan, Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen ikuskizuna Los Llanos Pasealekuan.
- Ostegunean 17:00etan, Harmonia, non zaude? ikuskizuna Kiki, Koko eta Moko pailazo konpainiarekin.

ERANSKINA:.
Azpian egitaraua aztertuta topatu ditugun Udalak programatutako haur jarduerak. Hemen programa bera eta hori iragartzeko albistea.
Ostiralean:
- 17:30 Bizi-bizi zirkua ikuskizuna Kiki, Koko eta Moko pailazo konpainiarekin. Los Llanos pasealekua.
- 19:30 Comiclown haur jaialdia Los Llanos pasealekuan.
Larunbata:
- 11:00 Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen ikuskizuna Los Llanos Pasealekuan.
- 13:00 Gorgoritoren abenturak, “Gorgorito en el Pozo de los Deseos”. Los Llanos pasealekuan.
- 18:30 Emebé DJ eta jolasak Los Llanos pasealekuan.
Igandea:
- 13:00 Gorgoritoren abenturak, “Gorgorito cen el Oeste Americano”. Los Llanos pasealekuan.
- 18:30 Madiber magoa Los Llanos pasealekuan.
Astelehena:
- 11:00 Haurrendako ur-parkea, Foruen Plazan
- 13:00 Gorgoritoren abenturak, “Rosalinda al rescate”. Los Llanos pasealekuan.
- 18:30 Parranda Tutiplen Kiki, Koko eta Moko pailazoekin Los Llanos pasealekuan.
Asteartea:
- 13:00 Gorgoritoren abenturak, “Gorgorito en el fondo del mar”. Los Llanos Pasealekuan.
- 16:00 Los Llanos Pasealekuan, HAURRENDAKO JOLAS PARKE HANDIA. Zezen mekanikoa, aurpegi-margoketa eta puzgarri ugari adin guztietarako
Asteazkena:
- 18:30 Los Llanos pasealekuan, haurrentzako tailerrak
Osteguna
- 17:00 “Harmonia, non zaude?” Kiki, Koko eta Moko pailazo konpainiarekin.
- 18:30 San Martin plazan, haurrendako tailerrak.




