
Esaten da despopulazioa jasaten duen herrietan eskola dela lehena ixten eta hilerria azkena. Bada, Egaibarren ematen du arazoari buruz buru begiratzen diotela eta indar osoz egin dutela eskola salbatzeko. Eta nola? Despopulazioari aurre egiteko euskararekin aurrera eginez.
- 2017an Eremu mistoa eta D eredua, erraldoi pausoak ofizialtasunerantz. Antzingo eskola ixteko bidean zen eta urte berean D eredua ireki zuten eta zonifikazioan eremu mistora pasatzeko urratsa eman zuen eskualdeak (Egaibarren Antzinekin batera Abaigar, Murieta eta Olexoa, eta Ega ibarraren gora Ameskoa, Allin ibarra, Kabredo, Iturriaga, Nazar eta Zuñiga).
- 2020an Euskaraz eta landa gunekoa izateak nola salbatu duen Antzingo eskola. D eredua txertatu zuten ikastetxean, eskaintza erakargarriagoa egin nahian, eta bi ikasturtetan 22 ikasle izatetik 46 izatera pasa dira.
- 2020an Nafarroako Gobernuak 2020an agindutako eraikin berria exijitu dute Antzineko Lokiz eskolako familiek. Orain 7 urte D ereduaren aldeko apustua egin zuen hezkuntza komunitateak, eta desagertzeko zorian zegoen eskola txiki geratu da orain. Eraikin berririk ez izateak eskola proiektuari ez ezik herri txiki despopulatuetan bizitzeko aukerari erasaten diola azpimarratu dute. Kanpaina abiatu dute, “Nafarroako Gobernuak bizitza zentroan jarri eta emandako hitza bete dezan”.
- 2023an Valdega, Metauten y La Berrueza estrenan escuela infantil comarcal en Murieta. Murietako eskola 2014an itxi zen eta hamarkada batean eskola “berri” batek herriari bizitza eman zion.
- 2026an Chivite Lehendakaria Antzingo ikastetxe publiko berrian izan da, 2,6 milioiko inbertsioarekin eraiki dela. 2020tik aldarrikatzen zena, eskola txiki geratu zela eta berria behar zela, azkenean 2026an lortu da.
- 2026an Eskola-garraio zerbitzu “txarrarekiko” haserrea areagotu du autobus istripu batek Antzinen. Eskoletako mapa aldatuta, Metauten Antzinera begira geratu da, baina Nafarroako Gobernuak zerbitzua zabaldu beharrean zegoen linea luzatu du. Hau da, Antzingo eskolara doazen haur gehienak Ega ibarrean gora bizi dira, Metautengoan ordea ez. Bi garraio-linea sortu beharrean (busa Egan gora, taxia Metautenetik Antzinera), bakarra mantendu du: haurrek ordu gehiago autobusean eta arriskua errepidean.
Argia.eus-en eskola eraikin berria aldarrikatzeari buruzko erreportajean ederki jaso da urte hauetako ibilbidea: “Ez gara despopulatu, despopulatu gaituzte”. Euskararen aitzinatzea despopulazioari aurre egiteko borrokari, herrietan bertan bizitzeko zerbitzuak baldintzak sortzeko ahaleginari estuki loturik: eskola, D eredua, haur eskola, jantokia, garraio… zerbitzu egokiak herritarrak landa eremuan gera daitezen.
- “Beti hiriguneetako zentro handietako baremoak aplikatzen dizkigute: garraioaren eta jantokiaren eskaintzaren nolakotasuna, jardunaldia, jantokiaren kudeaketa (zeinak bailaran bi lanpostu desagerrarazi zituen, elikaduraren inguruko proiektu pedagogikoa suntsitzearekin batera) edota irakasleen interinitate altua”.
- Irakasleekin “xakeko pieza hutsak” bailiran jokatzea leporatu diote gobernuari, “matrikulaturiko ikasle kopuruaren arabera bat, bi, hiru edo lau irakasle lekualdatuz!”.
- Dirua haurren eta eskualdearen beharren gainetik kokatzea leporatu diote familiek gobernuari. “Ez garelako ausaz despopulatu, despopulatu gaituzte!”, salatu dute
- Eta horri aurre egiteko asmoa azaltzearekin batera: “Herri txiki hauetan bizitzeko hautua egin dugula aldarrikatu nahi dugu, jakinik ekonomia eta gizartearen bazterrean kokatzen gaituela hautu honek. Hala ere gure herri, lur zein kulturaren aldeko apustua egiten dugu eta ozen adierazi nahi dugu ez diogula uko egingo gure bizitzak modu duinean bizitzeko eskubideari!”.



