“Irtenbidearen parte izan nahi dut” bideoa eta honen euskararen erabilera

Bideo eta mezu ederra zabaldu dute Lizarrako Udaleko Berdintasun sailetik: bertan Lizarraldeko 64 gizonezko agertzen dira festetan ematen diren sexu erasoen aurka sentsibilizatzeko mezua zabalduz. Iritzi eta jatorri askotariko lagun hauei ere eraso sexisten aurkako borrokan protagonismoa eman nahi izan zaie horrela, arazoa denona delako.

Berdintasun Sailetik

Erran bezala, mezu eta bideo ederra ekoitzi dute, lan handia ekarri die eta ederto plazaratu. Baina, eta euskararen aldetik, zer? Lehenik datu batzuk, 64 gizonek parte hartu dute baina mezuak 48 izan dira (batzuek aldi berean hitz egiten dute mezu bera emanez). 48 mezuetatik 12 izan dira euskaraz, %25a beraz. Bideoa gaztelaniaz irekitzen da eta euskaraz itxi. Kanpainaren kartelean (albistean eta bideoan duzue berau) bi hizkuntzetan informazio bera ageri da baina garrantzia erabat handiagoa ematen zaio gaztelaniari.

Bestetik, bideoan euskaldunak agertzeko ahalegin kontzientea egin da (bederen “AEK-ko irakasleak eta Garean kideak” bilatu dira) eta aipatu beharra dago Berrian eman zaion zabalpena egilea elkarrizketatuz: «Ikusarazi nahi genuen gizonak irtenbidearen parte izan daitezkeela»

Eta parte hartzeen “informazio kalitatea”? Euskarazko 12 mezuetatik bakarra izan da euskaraz soilik (“gure txosnetan”), beste 11 mezuak gaztelaniaz ere entzun litezke. Erdaldunak bideo osoa ikus dezake eta ez du informaziorik galduko beraz. Hamaika mezu hauetan gainera, bederatzitan gaztelaniaz ematen da aurrena informazioa gero euskaraz errepikatzeko.

Eta euskaldunen “ikusgarritasunaz”? Euskaraz egin dutenetatik aparte, beste lau bederen euskaldunak ziren, haietako bi euskaltegian izan dira aurten. Bestetik bideo bakarra ekoitzi da, eta horrela euskara eta gaztelaniaren agerpenak nahastu dira produktu berean, horrek ekarri du erdaldunek euskara ere ikusi beharra.

Baton batek erran lezake horrelako ekimen batean erabilitako euskara erabilita ere ez naizela inoiz aseko, eta baliteke egia izatea baina zer hobetu badela uste dut.

Dena den, gauza bat ez da ahaztu behar, Udal honek euskararekiko duen jarrera penagarria baino, gogaikarria eta salatzekoa da. Adibide bat: aurten Alkate txikia aukeratzeko ekitaldian, haurren ia erdia euskalduna izanik “egun on” izan zen Gobernu Taldearen ekarpen bakarra, nahiz eta aldez aurretik, egoera aurreikusita, formalki eskatu zitzaien euskararen presentzia bermatzeko; horrela, gutxieneko sentsibilitatea adierazi eta, bide batez, Euskararen Ordenantza betetzeko eskatu zitzaien. Alde horretatik begiratuta beraz, eta tamalez hori da Lizarrako Udalak erakusten digun egunerokotasuna, bideoan erabilitako hizkuntza irizpideak txalogarriak eta ausartak dira.

Lizarrako euskaldun eta euskaltzale naizen heinean baina, hurrengorako zer hobetu ere proposatu nahi dut, ona dena hobea bihurtzeko asmoarekin: (1)euskaraz informazio berria eman, gaztelaniaz ez dagoena; (2)eta, ezin denean, aurrena euskaraz eman; (3)euskaldunak, eta bereziki euskara ikasteko ahalegin berezia egin duten euskaldunak, euskaraz agertzera animatu (haien erabakia da, jakina, nola parte hartu, baina euskalduna “detektatzea” eta animatzea bideoa grabatzearen protokoloaren parte izan beharko luke); (4) %25eko presentzia handitu liteke, beti izan gaitezke pixka bat ausartagoak; (5) euskaraz has liteke bideoa.

Eta azken hausnarketatxoa, euskaldunok eta euskaltzaleok ere ez al genuke horrelako bideo bat egin beharko? Nago lizarratarron hizkuntza eskubideak gizarteratzeko, babesteko eta azken batean, bermatzeko kontzientziazio kanpainekin ez garela asmatzen ari. Berdintasun Sailetik zer ikasia badugu kontzientziazioaren alorrean.

Alfredo. Bideoan parte hartu dut.

Berdintasun Sailetik

1 IRUZKIN

  1. Kaixo Alfredo! Iratxe naiz, bideoaren egilea, arretaz irakurri dut zure iritzia eta nahiko ados nago: Udaletxeko Berdintasun Batzordeak eskatu ninduen kanpaina hontako bideoa egitea eta hasiera batean, 20 bat partaide izan behar ziren soilik, gizonezkoak. Argi zeukaten gazteleraz eta euskeraz esan nahi zutela mezua (batzordeko teknikariak, ez udaletxeak), horrela adierazi ninduten eta orduan bi aukera genituen: Bi bideo egin (bata euskeraz ta bestea gazteleraz, jende desberdinarekin) edo bideo bakarrean biak nahastuz (10 esaldi hizkuntza bakoitzean). Kanpaina honetako helburu oinarrizkoa zuten elkartasuna adieraztea, elkartasuna agresio sexisten kontra. Horregatik erabaki genuen bideo bakarra izan behar zuela guztiok elkarrekin, bestela helburu hori galduko bait genuen. Hasiera batean esaldi desberdinak izan behar ziren bi hizkuntzatan, baina derrigorrezkoa bihurtzen zen orduan, euskarazkoak gaztelerazko azpitituloak izatea. Hori ez zitzaigun gustatu, zergatik euskarazkoak eta ez gaztelerazkoak ere? Erantzuna izan zen bideoa Euskal Herritik kanpo ere mugitu nahi zutela interneten bidez, orduan jende guztiak ulertu behar lukeela mezu guztia. Esaldi hain motzak izanez, 2-3 segundutako planoak izan behar zuten derrigorrez erritmoa galdu ez izateko, berez ere ez dago astirik jendeak azpitituloak irakur dezan… orduan “erdiko bide” hantzeko bat erabaki genuen: Esaldia errepikatu. Bai, euskaldunok garenontzako “efecto loro” bat bihurtzen da, bi alditan entzuten dugu gauza berbera. Bide egokiena? Ez dakit… baina horrela ere erdaldunak euskara aditzera “behartzen” genituen, azpititulorik gabe gainera eta denok elkarrekin. Eta horrela erabaki genuen.

    Gidoia prestatu genuen 20 esaldi horiekin (10 ta 10) baina grabaketaren aste berean, geroz eta jende gehiagok erantzun zuten Batzordeak bidalitako gutunari parte hartzeko asmoarekin. Ez zen hasierako helburua, baina ez zuten ezetza eman nahi inori. Grabaketak ordu erdiro Lizarrako puntu desberdin batean izan ziren eta geroz ta jende gehiago izanik (64!!!!), nahiko desbordatuta esaldi berriak asmatu behar izan nituen bidean bertan, gazteleraz ia denak, jende erdalduna zelako. Egia esan, ez naiz konturatu ere egin euskaldunen batek gazteleraz esaten duen bere esaldia (euskaraz bazekiten galdetzen nuen beti, bateonbat pasako zitzaidan)… presa kontua: aste bete grabaketa egiteko (erdi aroko astea gainean) ta egun bakarra edizioa egiteko eta aurkezteko. Jende gehiena ez nuen aurretik ezagutzen. Korrika ta presaka. Nire beldurrik handiena, hainbeste jende izanik… ez zen luzeegia izango orduan? mezua galduko al zen? ta erritmoa? Ze kristo prestatzen ari ginen, hasiera batean 20 bat izan behar baitzuten!! Eta ez zegoen astirik… Beno, lortu dugu jende askoren partehartzea (beste asko kanpoan geratu da ere bai), lortu dugu kanpainak oihartzuna izatea (jendeari gehien bat gustatu zaio), lortuko al dugu agresioen kontrako kontzientzia hartzea jende gehiok? Espero dut baietz.. ez dugu lortu euskararen presentzia gazteleraren maila berean azaltzea, grabaketan bertan konturatzen ari nintzen hortaz, horregatik erabaki nuen azken momentuan lema gazteleraz pertsona batek bakarrik esatea eta euskaraz aldiz talde “handi” batek… ta horrela izan zen ere zuekin jarri nintzela kontaktuan egun berean!!! ez nuen ere aukera handirik aurkezpena bi egun barru egin behar baitzen.

    Eskertzen dizut zure parte hartzea eta hain dendora gutxian gainera! bideoa ipintzea blog-ean, esango nizuke hurrengoan hobeto egiten saiatuko naizela, baina esperientziagatik badakit azkenean beti horrelakoak eskuetatik joaten zaizkidala… baina gustatuko litzaidake zure iritzia jakitea azpitituloen kontuarekin: Informazio berria ematen badut euskaraz, behartuta nago horretara… nik ez ditut gustoko baina. Errepikapenarena ere, beno… bada beste bidea. Bi bideo desberdin egitea… neretzako hori da aukerarik txarrena. Eskerrikasko!

  2. Kaixo Iratxe! Lehenik eta behin milesker bideoa egiteagatik, erantzunarengatik eta azaltzeagatik nolakoa izan den grabaketa prozesua.

    Iruzkinaren hariari helduz, Udaleko langileek aipatutako “bideoa Euskal Herritik kanpo ere mugitu nahi zutela interneten bidez” kontuarekin, bada bideoa eta gaia tamalez nazioartekoa direnez, gaztelania ulertzen ez duen jende asko ere bada. Eta, bestalde, zergatik ez kontutan hartu Donibane Garazi? Lizarrarekin senidetuta dagoen Baxe Nafarroako hiriburuan gaztelania ulertu ez eta euskara ulertuko duen jende asko da.

    Bestalde milaka lagunek ikusia dute jada bideoa eta pentsatzen dut inor ez dela kexatu pasarte batzuk ez ulertzeagatik. Ze, esaldiak gaztelaniaz errepikatu ala ez, ikusle erdaldun elebakarrak ez daki hori, ulertzen ez duen zatia informazio errepikatua izan ala ez, sentsazio berarekin geratuko zen. Hortaz berdin zaio euskaraz informazio gehigarria ematen baldin bazaio.

    Koska zertan datza, nik uste, bideo bakarra izan arren (euskarri bakarrean) egitan bi istorio grabatzean. Biak koherente, euskaldunak zein euskaraz ez dakienak kontzientziazio mezu koherentea jasoko du baina euskaldun izateak balio erantsia emanen dio izate horri. Adibidez, hola, bote lasterrean: “Emakumea gizakia da, sexu makina baino gehiago da; No. Se dice de una sola vez; Gauza bakarra buruan badaukazu, panpin puzgarri bat har dezakezu; No. Como un disco rayado”. Erdaldunak mezua jasotzen du, baita euskaldunak ere eta abesti erreferentzial baten mezuarekin osatua gainera. Erdaldunari errandakoa itzuli arren ez du ulertuko bere osotasunean mezua, abesti baten letra dela ez baitu jakinen, euskal kulturaren erreferentzia faltako zaio. Gaur egun, eta Lizarran, zeharkako helburua ez dut uste denik hainbeste erdaldunak ez ulertzea baizik eta euskara ez jakiteagatik herren dabilela herri honetan. Etengabeko mantra horrek, beste gauza askoren artean, elikatuko du euskara ikasteko edo seme-alabei transmititzeko gogoa.

    Grabaketarako 20 lagun beharrean 64 izatea, korrika eta presaka ibiltzea, lanarekin “desbordatua”, gidoian azken orduko inprobisazioak… tamalez badakit zertaz ari zaren. Denoi pasatu zaigu, baita niri ere, momentuko larritasunak neurri batean alde batera uztea gauza batzuk. Nire kasuan hizkuntza ez sexista, ekologia baloreak, edota hizkuntzaren trataera bera ere.

    Azpitituluen kontuarekin, eta hasieratik jarrita ez badaude, ez dut argi ikusten.Dena den, eta beti ere, defektuz ez daitezela jarrita egon. Gainera, gaztelaniaz bezainbeste euskaraz ere izan behar du, eta hau ez da apeta bat, garrantzia sinbolikoa izateaz gain badaude milaka euskaldun gaztelania ulertuko ez dutenak (gogoratu Iruñea eta Lizarra zein hiribururekin dauden senidetuta: Baiona eta Donibane Garazi).

    Nik neuk zer edo zer sortzen dudan bakoitzean eta euskaraz gain beste hizkuntzaren bat eransten badiot (buzoneatzeko aldizkariak, mezu elektronikoak…), beti saiatzen naiz pentsatzen euskaldun elebakarra banintz nola sentituko nintzatekeen eta zer ulertuko nukeen. Gero, dudan indarrak eta denborak mugatzen dute egin dezakedana, baina behintzat abiapuntu hori izaten saiatzen naiz.

    Dena den, ez dago soluzio magikorik ezta galdera guztientzako erantzun bakarrik. Aurreko batean irakurri nuen euskaldunak saiatzen garela bide-orri perfektuak egiten eta kasu guztietarako erantzun guztiak izaten. Aldiz, katalanak, ingurunea eta egoera ezagutzen saiatzen direla eta bide-orri perfektua izatea baino mapa on bat dutela buruan. Unean-uneko erabaki egokiak, bide-orriaren zurruntasunik gabeak, hartu ahal izateko. Azken finean ez al da hori bideoarekin egiten ahalegindu zinena?

    Beste behin ere, mila esker hartu duzun lanarengatik. Zaindu!

    Pdt: erdaraz parte hartu eta euskaldunak ziren horiek, nik ezagutzen nituenak bederen, mezu pribatu bidez erran ahal dizkizut.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena