Onintze Arrastia Mauleon (2004, Arellano) idazle gaztearen hitzekin gozatuko dugu Kotarro aldizkariko atal honetan, berak idatzitako ipuinen bitartez. Txikitatik datorkio idazteko afizioa, irakurtzeko afizioarekin batera. Azken hori amaren partetik etorri dela esan daiteke, amaren familian oso errotua egon baita beti zaletasun hori. Ipuinak bere kabuz idatziz hasi zen lehendabizi, lehiaketetan parte hartzea erabaki zuen arte. Ager Vasconum literatur lehiaketan saritua izan da 2018, 2021 eta 2022 urteetan eta Urruzuno literatur lehiaketan 2021. urtean.
Kotarro aldizkariaren 61 zenbakian argitaratu zuen bere lehen ipuina guretzat, eta horrek eman dio izena atal berri honi: 5 hitz. Kotarro 62 honetan, bigarren alea: «Herritik eta herriarentzat».
Herritik eta herriarentzat
—Kaxoi honetan sartuta utzi nuen, baiki.
Amak kaxoiaren barruan dagoen guztia trasteatzen dago, tarteka marmar egiteaz batera. Jada pazientzia galdua daukat nik, ikusi baitut ez dagoela non aurkitzerik hainbertze orduz bilatzen aritu garen hori.
—Utz ezazu, ama —diot nik, eta hasperen bat ateratzen zait—. Beste zerbaitekin konformatuko naiz.
Buelta ematekotan nagoela ilusiozko oihu txiki bat entzuten da amaren ahotik.
—Aurkitu dut! Banekien hemen egon beharra zuela!
DVD zaharkitu eta koloregabetu bat dauka esku artean. Bere zorionezko begitartearekin kontraste handia egiten du, masailak gorriturik baititu amak eta irribarre zabal batek betetzen dio aurpegiaren erdia.
—Azkenean, eh —barre egiten dut hori esan eta gero.
Zutik jarri eta DVDa pasatzen dit. Arretaz aztertzen dut nik, ziurtatu nahian ea bilaketa luze horren guztiaren ondoren aurkitutakoak pena merezi duen. Zuri-beltzezko argazki batek osatzen du portada, bi neska eta mutil bat elkarri besarkatuta, eta “Herria” dio izenburuak.
—Eta hau da erakutsi nahi zenidan filma? —Galdegiten dut, oraindik eskuetan dudanari beha—. Oraindik nago Alfred Hitchcock-en bat aukeratzeko garaiz. Zer dauka honek beste filmek ez dutena?
—Gure herrian grabatu zela —ziurtasun osoz mintzatzen da ama—. Eta euskaraz dela.
—Bai, baina…
—Istorio polita kontatzen da bertan, adiskidetasuna eta amodioari buruzkoa —badirudi monologo bat hastekotan dagoela…
—Ama —monologo saiakera moztea erabakitzen dudan arte—. Zer dauka film honek besteek ez dutena?
DVDa esku batetik bestera pasa eta instant batez sakonki pentsatzen geratzen da. Sentimendu aunitzek zeharkatzen dute bere aurpegia segundo horietan.
—Maria Jesus, Eugenia eta Eduardo —izenak erran bitartean argazkian agertzen direnak seinalatzen ditu—. Guztiak herritar normalak, guztiak nire lagunak. Akaso aurkituko al duzu halakorik Alfred Hitchcock-en film batean?
—Ez.
—Ba hori. Herritik eta herriarentzat, producto local.
Onintze Arrastia Mauleon.