«Hitz eta Pitz»: haurren gozamenerako eta hizkuntza praktikatzeko

@Victoria Borodinova. Pixabay

Zumadia eskolako guraso elkartearekin elkarlanean Hitz eta Pitz egitasmoa abiatu du Irantzu euskara zerbitzuak proba-moduan. Lehen Hezkuntzako 3, 4 eta 5. mailako ikasleei eskaini zitzaien eta azaro amaieran bi taldek ekin zioten elkartzeari, osotara hamar haur.

Google Meet tresna erabilita, ohikoa gaur egun eskoletan, astean behin elkartzen dira talde txikietan euskaraz jolasteko, lau eta sei haur artekoak, eta Dindaiako begirale batek gidatuta. Hasierako errezeloak gaindituta (“berriro pantailaren aurrean?”), badirudi gogotsu ari direla haurrak. Osotara zazpi saio egingo ditu talde bakoitzak, 40 minuto ingurukoak.

Gisa honetako proiektuak hizkuntzaren transmisiorako sortzen ari diren zailtasunei erantzunez sortu dira, bereziki Covid-19 garaiotan. Baina, etorkizunari begira, eta zuzeneko ikuskizun, eskulan-tailer, aurrez aurreko plaza-jolasen osagarri bilakatu daiteke. Horretarako bi abantaila nagusi ditu, bereziki interesgarri horren dispertsioa handia duen lurralderako (2.500 biztanle inguru eta 37 herri), telematikoki egin ahal izatea. Pantailak ez du gertutasun fisikoak ematen duen magia hori ordezkatuko, baina etorkizunean baliagarria izango delakoan gaude.

  Amaia Eraso, Hitz eta Pitzeko begiralea

Amaia Eraso: Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin sortu zen programa hau, izan ere, konfinamenduak, besteak beste, zenbait ondorio negatibo ekarri ditu alor honetan. Baina, nola jarraitu euskararen erabilera sustatzen eta aisialdiaren kalitatezko eskaintza bermatzen COVID-19 garaietan? Hori izan da seguruenik askok buruan bueltaka izan dugun galdera. Online ikastaroak izan ziren galdera honi erantzuna.

Asko baloratzen dira orain espazio seguruak eta, zalantzarik gabe, gure etxea baino espazio seguruagorik ez da egongo. Gainera, ohikoa da egun batzuetarako etxean geratu behar izatea, eta modu honetan, ez dira saioak galtzen. Baina, nola apurtu online elkartzeak sortzen dituen barrerak? Zumadia eskolan abiatu berri diren 2 talde eramaten ditut, astean behin elkartzen naiz talde bakoitzarekin, baina beste eskola batzuetako beste ikasle batzuk
ere gidatzen ditut eta gehiago daramatzagu proiektu honekin.

Lehenik eta behin, esan behar dut oso ondo funtzionatzen ari dela formatu hau. Egiten ditugun dinamikak anitzak dira. Izan ere, ez da erraza ordenagailu baten aurrean arreta mantentzea. Horregatik, tartekatzen ditugu geldirik diren jolasak, mugimenduarekin, idazteko jolasekin… Jolas horien adibideak dira Kitto hitz edo Arkatzak gora, Etxeko ginkana, Erroskilaren jolasa, Hiru marra jolasa, Deskribapen jolasak… Taldearen arabera dinamika
ezberdinak proposatzen ditut. Guztiek badute helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea.

Gainera, jolas asko hizkuntza jolasak dira, eta beraz, jolastu nahi badute, euskara erabili behar dute. Ikasleek esan didatenaren arabera oso ondo pasatzen dute eta parte hartzea oso altua da, gogotsu daude.

Jolas asko haien egunerokotasunean lagunekin erabil ditzazketen jolasak dira, eta hori da helburua ere, euskara ez geratzea bakarrik alderdi akademikoan erabiltzen den hizkuntza bezala. Horregatik, hizkuntza ez-formala lantzen dugu ere, lagunekin gaudenean ez baitugu eskolan bezala hitz egiten.

Oso garrantzitsua da ikasleen arteko aisialdiko interakzioak jarraitzea eta garrantzitsua da ere interakzio hori haien aisialdian ematea. Ikasleen garapenerako funtsezkoa da eta modu honetan berma daiteke. Talde honekin esan bezala gutxi daramat eta gainera guztiak ezagunak dira haien artean. Baina, beste leku batzuetako taldeak izan ditut ikasle ezberdinekin eta haien artean talde polita osatu dute, harreman berriak sortu dituzte.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena