Oteitzan iraganetik orainera

Bada Oteitzan jubilatuta egonda ere, denbora soberan ez daukan taldetxoa. Duela 5 urte inguru hasi ziren herriko ondarea berreskuratu nahian iraganean erabiltzen ziren eraikuntza txikiak berreskuratzen, txabolak eta uharkak bereziki. Haien helburua ez da hauek berriz erabiltzeko moduan jartzea, kultur ondasuna mantendu eta hauen berreskuratze sinbolikoa egitea baizik.

24 zaharberritze-lan
Oteitzako talde honek bere herriko 16 txabola berreskuratu ditu. Garai batean, artzain zein mahastizainek egun osoa igarotzen zuten etxetik kanpo, ez zen gaur bezain erraza bideetan batetik bestera ibiltzea. Beraz, udaran freskotasunaren bila eta eguraldi txarra egiten zuenean aterpe bila, txabolak erabiltzen zituzten. Denboraren poderioz txabolak erabiltzeari utzi eta haietako gehienak hondatu egin ziren.

Hain zuzen ere, zaharberritu duten azken txabola Oteitzako zaharrena da, 1756. urtekoa hain justu, Bazekodorrea izendatu dutena. Bestetik, txabolak ez ezik, zazpi uharka ere berreskuratu dituzte. Uharkak lur azpian zeuden ur putzuak babesteko gainazalean zeuden eraikuntza txikiak dira, ura hartu ahal izateko lehio moduko batekin. Lanean ari ziren bitartean, pertsonek zein animaliek ura edateko erabiltzen zuten. Uharka eta etxolak berreskuratzearekin batera, beste era bateko eraikuntza berezi bat zaharberritu dute: XVIII. mendeko teileria, herrigunetik gertu.

Herrian egin diren ikerketa historikoaren arabera, 100 txabola eta uharka inguru daude Oteitzako lurretan. Dokumentu hauetaz baliatu izan dira eraikuntzen hondakinak aurkitzeko. Baina ez da beraien informazio iturri bakarra izan. Herriko pertsona helduenek ere mantedu dute ahoz aho informazio preziatu hori, haien arbasoek erabiltzen zituzten txabola eta uharken berri emanez. Gainera, inguruetan sarri ibiltzen diren ehiztariek ere hainbat aurkitu eta talde honi helazi diete informazioa.

Azaltzen dutenez, txabolek ez zuten aterik izaten, izan ere, erabilera pertsona guztiei zegoen zuzendua. Izaera komunaleko espazioak ziren, nahiz eta lurralde pribatuetan egon, behar zuen edonork erabiltzeko ziren.

Harri lehorreko teknika
Berreskuratze lanak egiteko teknikari dagokionez, garai bateko teknika berbera erabiltzen dute, harri lehorreko teknika, alegia. Pixkanaka eta modu osoenean mantentzen ziren txaboletatik ikasita, beraien kabuz ekin zioten teknika hau erabiltzeari. Harri lehorreko teknikaren bitartez, harriak bata bestearen gainean jartzen dira eta tarteka harea erabiltzen da egiturari zurruntasuna emateko, baina ez da igeltsurik ez beste materialik erabiltzen. Garai bateko teknika erabiltzeaz gain, teknika merkea ere bada, lan boluntarioa egiten duen talde honentzako aproposa. Teknika hau Gizateriaren Kultura Ondare Inmaterial kontsideratzen da eta ez dira asko teknika honen bitartez jarduten dutenak.

Kultur transmisioa
Oteitzako jubilatu talde honek, eraikuntzak berreskuratzeaz gain, bizilagunei herriak duen kultur ondarea transmititzeko lana ere egiten du. Web orriaren bitartez zabaltzen dituzte edukiak eta egiten duten lanaren aurkezpenak ere burutu izan dituzte. Esaten dutenez, herriko udaletxean egiten ari ziren lana aurkeztu zutenean, gerturatu eta interesa erakutsi zuen jende kopuruagatik arrakastatsua izan zen ekimena. Oteitzako kultur ondasunaren zati hau umeengana hurbiltzeko bideo-ipuina ere egin dute eta lehen aipatutako Bazekodorrea txabola agertzen da ipuinean. Esaten dutenez, gazte jendea berreskuratze lan hauetara animatzeko zailtasunak badaude ere, belaunaldi berrietan jakinmina badago. Pozik daude herriko gazte belaunaldiek kultur ondasunaren garrantziaz kontziente izan eta hainbat ekimenetan parte hartzen dutelako.

Toponimia
Ahanzturan geratzen ari ziren eraikinak izanik ere, kokatzen diren leku-izenetako asko mantendu izan dira. Izen horietako asko, baina, desitxuratzen joan dira denborarekin eta beste batzuk mantendu egin dira. Aipatzen dutenez, toponimo askok euskal jatorria dute eta izenen jatorria azaldu eta zaintzeko lana ere egiten dute. Eraikitzen dituzten txaboletan jatorrizko izenak grabatzen dituzte harrietan.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena