Kotarro komunikazio proiektuaren baitan kuttuna den aldizkaria argitaratzen dugu, 2007tik urtero 4 zenbaki argitaratu ditugu eta osotara 51 izan dira jada, 0 zenbakia kontuan hartuz. Aldizkari hauetako askotan Gari eta Sei komiki banda ikus dezakegu, bertako diseinatzaile batek eginda.
Umorea, ironia, sarkasmoa, salaketa… denetarik ikusi izan dugu bertan. Eta, azken alean, ez bat baizik eta hiru komiki banda diseinatu ditu. Honakoa izan zen aldizkari honetarako sortze prozesua:

Honako komiki banda urtarrilaren hasieran diseinatu zen. Diseinatzeko garaian, urtarrilaren 10aren bueltan, zalaparta handia zegoen Espainiako kongresu osatu berrian eta gertu zegoen, halaber, Iruñean pailazoek jasandako zentsura eta Anaitasunan emandako erantzuna (abenduak 22). Halere, oraindik ez zen ezaguna Burlatako zentsura saiakera (urtarrilaren 14an) ezta Lizarrakoa ere (urtarrilaren 21ean).

Urtarrilaren 21ean Udalaren erabakiaren berri izatean, ez zuela Bizi Dantza ikuskizuna kiroldegian egiteko baimena ematen. Aldizkariko lan taldean erabaki genuen komiki banda berri bat eskatzea.
Kasu honetan, ideia nagusia “mustuka ikusten zaie urrunetik”, hau da, “ver el plumero” ideiarekin eraiki zen komikia. Udalak ezezkoa jakinaraztean soilik entrenamenduak eta kirol aferak aipatzen zituen baimena ukatzeko. Nahiz eta zantzuak zeuden (Burlata eta Iruñeko aurrekariekin) beste zerbait pentsatzeko.
Kontua da, “mustuka ikusi” terminoak eta ideiak, afera ongi deskribatu arren, zalantzak sortu zituela. Kide batek adierazi zuen “arazoa da hizkuntza euskal pentsamoldetik egina egonen dela eta marrazkia, aldiz, erdal ikuspuntu batetik. Arraroa egiten zait… ‘Mustuka ikusi’-arena ezin da onartu, baina sakonagoa dena bai? Ez dakit“. Jarraian beste kide batek “Nik uste dut biak erdarazko esaera batetik egindako kalko linguistikoak direla, bai testua eta baita irudia ere, adibidez: ilea hartu vs adarra jo. Baina, kalko izanagatik baino, gehiago kezkatzen nau ‘mustuka ikusten zaie’ hiztegian begiratu behar izan dudala.”
Azkenean, diseinatzaileari azaldu eta eskatu zitzaion: ‘ver el plumero’ euskaraz ez du parekorik “plumero” hitzarekin. Berez, “Urrundik igartzen zaie zertan ari diren!” izanen litzateke, “mustuka”rik gabe. Agian hobe maskarak edo mozorroak erortzen bazaizkie?

Eta, honela, azkenean argitaratu zen komiki bandara iritsi ginen. Edozein kasutan, era batera edo bestera, kasualitatez lehena eta afera gainean zela hurrengo biak, denek jaso dute jasandako zentsuraren ikuspuntu ezberdinak.




