Kotarro aldizkariko Euskararen memoria guneak Estellerrian atal finkoari 68. Kotarron (2024) ekin genion. Lehenbiziko ale hartan Bargagorria izeneko kokalekuari eta toponimoari buruz aritu ginen eta, hain zuzen ere, Bargagorria ezizenez idazten du gure kolaboratzaileak.
Atal honen asmoa da gure eskualdean euskarak utzitako aztarnak eta lekuak lotzea, euskararen memoria-lekuak identifikatzea eta poliki-poliki bertako euskaldun euskaltzaleen identitatea sendotzea toki fisikoak eta historia lotuz. Kotarro 71 honetan «Lizarra auzoa» ezagutuko dugu.
Lizarra auzoa
Gure euskararen memoria guneen ibilbidean, ezin dugu Lizarra ahaztu, baina ez Lizarra hiria, Lizarra auzoa baizik. Gaur egun, Lizarra auzoa erdigune ekonomikotik baztertua gelditu da, bai eta erdigune historiko ofizialetik ere, Aztondetatik Ega ibaira jaisten diren magaletan, El Puy muinoaren oinetan. Baina historialari guztiek bat egiten dute erratean Lizarra herrixka Estella hiria baino lehen zegoela, Iruñeko erresumaren parte zelarik.
Estella hiria «ofizialki» 1090. urtean sortu zen, Antso Ramiritz erregearen fundazioarekin. Aldiz, Lizarra herrixka 928. urtetik agertzen da dokumentazioan, aldaera desberdinetan: Lizaharrara (928) Liçarrara (1024) Lizarara, Liçarara (1040) Leiçarrara (1074), Lizarraga (1079), Liçarra, Lizarra (1083) Lizarega (1084). Aitzitik, Stella izena, lehendabiziko aldiz, 1084an ageri da, nahiz eta Goñi Gaztambidek 1076-1077raino darama izenaren lehendabiziko agerpena (Privilegium abatie stellensis). Horrek erran nahi du fundazioaren dataren aurretik ari zirela frankoak burgu berria eraikitzen.
Zernahi gisa ere, Lizarra «auzoko» hizkuntza nagusia zein zen adieraztean, zalantza gutxi dago historialarien artean, eta zalantza gutxi ondoko mendeetan ere bai: euskara nagusia zen bertako laborari eta artzain xumeen eguneroko bizitzan.