5 hitz: «Efemerideetaz haratago»

Onintze Arrastia Mauleon (2004, Arellano) idazle gaztearen hitzekin gozatuko dugu Kotarro aldizkariko atal honetan, berak idatzitako ipuinen bitartez. Txikitatik datorkio idazteko afizioa, irakurtzeko afizioarekin batera. Azken hori amaren partetik etorri dela esan daiteke, amaren familian oso errotua egon baita beti zaletasun hori. Ipuinak bere kabuz idatziz hasi zen lehendabizi, lehiaketetan parte hartzea erabaki zuen arte. Ager Vasconum literatur lehiaketan saritua izan da 2018, 2021, 2022, 2023 eta 2024 urteetan eta Urruzuno literatur lehiaketan 2021. urtean.

Kotarro aldizkariaren 61 zenbakian argitaratu zuen bere lehen ipuina guretzat, eta horrek eman dio izena atal berri honi: 5 hitz. Kotarro 71 honetan: «Efemerideetaz haratago».


Efemerideetaz haratago

Zurrunbilo batek den-dena astintzen duen bezala, halaxe aurkitzen gara azken bolada honetan. Hala eta guztiz ere, badirudi zurrunbiloak utzitako arrasto guztiak berarekin eramaten dituztela haize-bolada sotil eta ikusezinek.

2024ko abenduaren 3a, asteartea. Ahaztu 2024. urtea, bai eta urte hau amaitzekotan gaudela, soilik Euskal Herrian 6 erailketa matxista eman direla. Ahaztu urte honetan ere ia 8.000 familia kale gorrian utzi dituztela. Ahaztu abenduan gaudela, eta hilabete bat baino gehiagoren ondotik Valentziako langile auzoetako izkinek lokatzez jarraitzen dutela. Ahaztu azaroaren 25a igaro dela eta indarkeria matxista kasuak nonahi ditugula. Ahaztu abenduaren 3a Euskararen Eguna dela, eta Nafarroako ikasleok oraindik ez dugula euskaraz ikasteko eskubiderik ez bermerik.

Ahaztu itzazue oraintxe irakurritako lerro hauek; irakurri eta berehala ahaztu itzazue. Haize-bolada batek eramanen ditu auskalo nora. Bada, asteartean gaudela da gogoratzen duzuen bakarra; astearte normal batean, hain zuzen.

Haize-boladen artetik, ordea, badago zurrunbiloak astindutako buru adimentsurik. Badago 2024 guztian zehar zurrunbiloei kontra eginez egon denik; hilabetez hilabete, astez aste eta egunez egun. Badago indarkeria matxistari aurre egiteko kaleak hartu dituenik, bai eta Valentziako kideekin elkartasuna adierazi eta hankak lokatzez zikindu dituenik ere. Badago indar errepresiboen biolentziaren pean etxegabetze bati eutsi dionik. Badago heziguneetan bere ikas-baldintzak hobetzeko antolakuntzan dabilenik..

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena