Garcia Orcoyen, tokian tokiko osasun etxe eta osasun kontsultategiekin batera, Lizarraldeko osasun sarearen harribitxiak dira. Nor ez da haietatik pasa, batzuetan pozez, erditzeetan bezala, besteetan errutinaz, txertoa jartzera kasu, zenbaitetan kezkaz, ingresatutako senide baten bisitan, edota nahi baino gehiagotan gu geu izanik bertan arta jaso behar duena.
Erietxea 1979an inauguratu zen, zinez zaharra da beraz, eta urteak joan urteak etorri, eraberritzeak eta erantsitako eraikin/zerbitzu berriak gehitu zaizkio. Eraikin sare hori seinale, kartel, panel eta informazio orri ugariz josia dago eta obra bakoitzean zegokion Gobernuaren araberako hizkuntza paisaia ezarri da.
Hala, eraikin zaharrenetan gaztelania eta euskara ageri dira, euskara subordinatuta, bai kokapenean (azpian), bai hizki-motarekin (gaztelania hizki lodiz, euskara xehez) eta baita zenbaitetan zuzentasun faltan ere. 2000ko hamarkadatik egindako eraikin berrietan, aldiz, ez da euskararik apenas errotulazioan, guztiz desagerrarazia dago; eta azkeneko obretan, oro har, euskara subordinatua ageri da (azpian), baina normalean testuak txukun eta gehiegizko subordinaziorik gabe (hizki xeheagoa, etzana…).
Bada garaia aldatzeko, bada garaia euskaldunak ere begirunez tratatzeko, eta bada garaia gutxienekoak lortzeko: hizkuntza paisaia duina eta zerbitzua euskaraz. Edo inork pentsa dezake, euskara beharrean gaztelania balitz akatsez josia, errotuluetan desagertuta, subordinatua… urtetan iraungo zutela seinale horiek ziklikoki herritarrak kexatu arren?
Apirilean Bagara kolektiboko kideak ospitalean izan ginen eta ia 100 argazki atera genituen. Ondotik kexa ofiziala jarri genuen Euskarabidean, Osasunbidean eta Nafarroako Arartekoan, hiruretan. Jasotako erantzunen arabera, Euskarabideko teknikariak ekainaren 7an egin zuten bisita ospitalean eta txostena ondu zuten hainbat aholku emanez. Hala, Osasunbidearen erantzunak zioen: «Osasunbideak egindako azterketaren eta gomendioen berri du eta horiek kontuan hartuko dira, izan ere erietxeko hizkuntza paisaia berritzeko prozesuan baita. Eta, halaber, eraikin berriak egitean elebitasuna kontuan hartuko da errotulazioan».
Adi egongo gara, hamarkadetako hizkuntza eskubideen urraketek ez baitute konfidantzarako tarterik ematen, ezta ere eperik jakinarazi ez izana eta, bestetik, argi geratu ez izana karteleria (behin behineko kartelak, eskuorriak…) soilik berrituko duten ala baita errotulazioa ere (hizkuntza paisaia finkoa, seinaleak). Espero dezagun epe onargarri batean aldatzea eta karteleria/errotulazioa hitzen semantika hutsean geratzea.
Eta herritar, ahaldundu zaitez, giza eskubideak ditugu, hizkuntza eskubideak, administrazioak bere ardurei muzin egiten badio, adierazi, kexa egin horretarako bideak baliatuz.
Lizarran ere Bagara.