Euskaraldiaren laugarren edizioa Lizarran eta Lizarraldean

Euskaraldiaren IV. edizio honetan Lizarran 286 lagunek eman dute izena, 215 Ahobizik (%75) eta 70 (%25) Belarriprestek. Genero ikuspegitik, emakumeek gehiengo izaten jarraitzen dute, euskararen aldagai guztietan bezala, ezagutza, mintzamena… Euskaraldiaren parte hartzean ere halaxe izan da.

Bilakaerari erreparatuta:

  • 2015ean 24 ordu euskaraz eta 2017an Euskararen Maratoia ospatu genituen Lizarran (azken horretan Ahobizi (191), Belarriprest (51) eta Bihotzgoxo (63), guztira 305 lagunek hartu zituzten euskararen aldeko konpromisoak).
  • Ondoren etorriko ziren Euskaraldiak, lau edizio: 2018ko lehen edizioan 627 lagunek hartu zuten konpromisoa, bigarren edizioan 601ek, hirugarrenean 496k eta azkeneko honetan 286k.

Aurreko edizioaren aldean, nabarmena da izen ematea gutxitu egin dela, 496 lagunek izena eman baitzuten. Hau da, orain orduko % 57k izena eman du, eta lehen edizioarekiko alderatuz gero, % 46ra gutxitu da. Horren azalpena motibo-anitza bada ere, datuak ongi ulertzeko kontuan hartu behar da edizio honetako izen emateetan aldaketa nabarmena eman dela: Orain arte, zure udalerrian izena eman zenezakeen baldin eta aldez aurretik tokiko talde motore batek izena emana bazuen Euskaraldian. Edizion honetan, ordea, edozein udalerritan izena eman ahal zenuen.

Beraz, gure datuen bilakaera ezagutzeko, ez da nahikoa Lizarrari begiratzearekin. Hala, antolatzaileei inguruko udalerrien lagina eskatu zaie, edizioz edizio bilakaera aztertzeko. Lagina hurrengo herri hauek osatzen dute, eta beltzez jarri ditugu aurreko edizioetan parte hartu zutenak, besteak berriz, “izen ematerik” gabe egon dira azken Euskaraldira arte: Abartzuza, Aiegi, Allin, Allo, Ameskoabarrena, Antzin, Arellano, Arroitz, Deierri, Deikaztelu, Eulate, Gesalatz, Jaitz, Lerin, Lezaun, Lizarra, Los Arcos, Mendaza, Metauten, Murieta, Nazar, Oteitza eta Villatuerta.

Lizarra eta Deierri dira, alde handiz, izen emate gehien izan dituztenak edizioz edizio, baina ondoko beste 21 udalerri aztertuta, ikus daiteke nola horiek azken ariketa honetan laukoiztu egin dutela izen ematea. Lizarraren jaitsiera, horren handia izan beharrean eskualdea kontuan hartuz aztertzen badugu, geldoagoa dela ikus liteke. Are gehiago kontuan hartzen badugu aztertutako udalerri horiek ez direla Lizarra inguruko guztiak. Nabarmena da Lizarran izena eman zuten askok oraingo honetan erabaki dutela inguruko herrietan izena ematea.

Alderaketa lehen edizioarekiko egiten badugu, ikus daiteke nola jaitsierarik handiena hirugarrenean gertatu zen. Bai Lizarraldean eta baita Nafarroan ere. Jakina da hasierako gogoa apaldu egin dela oro har, nahiz eta jende asko biltzen duen ekitaldia izaten jarraitzen duen. Nafarroan 15.000 lagunetik gora eta Lizarraldean 500etik gora.

Generoaren ikuspuntutik ez da alde handirik nabari edizioz edizio. Gorabeherak daude, baina emakumeak %60 eta %63 mantendu izan dira beti, gizonak %36 eta %39 artean.

Antzeko datuak ematen ditu ariketari Ahobizi eta Belarripresten arteko banaketa erlatibotik begiratzen badiogu. Ez dago alde nabarmenik edizio batetik bestera.

Adinaren aldagaiari begira, ordea, Lizarraldeko Euskaraldian agerikoa da apurka-apurka zahartzen ari dela. Lehen ediziotik bigarrenera ia bi urteko zahartzea egon bazen (38 urteko bataz besteko adinetik ia 40ra), oraingo honetan jauzi handia egin du: 41 urtetik 45 urtera. Nabarmena da gazteak direla potentzialik handiena dutenak Euskaraldian parte hartzeko, izan ere 2022ko NASTATen datuen arabera, hogeita hamar urtetik behitikoen artean Lizarran %27,8 dira euskaldunak, eta hurrengo adin tarteetan %12,9 eta %3,5 dira hurrenez hurren. Halere, kontuan hartu behar da biztanleria-piramidearen bilakaera, ez baitago pertsona kopuru bera adin tarte guztietan.

Azkenik, Euskaraldia posible izan bada neurri handi batean talde motore bat eratu delako izan da. Lana neurrian hartuta, otsailean aurkezpena egin eta hortik hasita lau bat bilera egin zuten. Lau lagun aritu dira taldean modu jarraian, baina beste dozena erdi pasa aritu dira laguntzen. Talde horretatik Euskaraldia bitartean hainbat ekitaldi antolatu zituzten Lizarran giroa berotzeko: maiatzaren 15ean ardo eta gazta dastaketa (30 bat lagun), maiatzaren 19an koreografiaren entsegua (10 bat lagun), 20an Made in Galiza liburuaren irakurketa kolektiboa San Martin plazan (40 bat lagun) eta 23an koreografia dantzatu genuen Santiago plazan. Bai herrietan eta baita Lizarran ere, beste eragile batzuek ekitaldiak antolatu dituzte (herrietako talde motoreak, Bota Peña, Udala…)

Edizio honek utzi duen ondorio positibo bat izan da jende berriak parte hartu duela antolaketan, taldea berritu egin dela. Eta etorkizunerako lezio bat, adinez gazteagoak direnak faltatu dira antolaketa lanetan.

 

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena