Iaz lehen aldiz antolatu genuen Euskaraldia Lizarraldean (hemen utzitako irudiak, hemen balorazio eta parte hartze datuak), aurretik bagenuen esperientzia ere (Euskararen Maratoia, 24 ordu euskaraz…), eta ondoren Korrikak gai beraren inguruan jira-biraka ibili da (klika erabilerari). Momentu egokia beraz Euskaraldia egitasmoa zertan den ezagutzeko. Horretarako bi hitzordu izanen ditugu ekainaren 7an, ostirala:
- Lizarrako Bota Peñan. 18:00etatik 19:15era
- Vianako Navarro Villoslada Kultur Etxean. 20:00etatik 21:15era
Bi saioek egitura bera izanen dute, lehenik 2018ko edizioaren balorazioa eta bizipenak partekatuko ditugu; eta, ondoren, hurrengoaren aurkezpena eginen dugu. Aldaketekin baitator. Saioak irekiak dira eta, beraz edozein etor daiteke, halere deialdi berezia egin nahi zaie aurreko edizioan parte hartu zuten Ahobizi eta Belarriprestei.
Jabier Zabaletak twitterren (@ja2er) “Euskaraldiaren 2. edizioaren ikuspegi estrategikoa” (Pello Jauregi hizlari) hitzaldiaren sei ideia nagusi laburubildu ditu. Bigarren edizio honetarako kontuan hartu beharreko ideiak:
- Euskaraldian denak gara Belarriprest. Belarriprest izanda esaten dugu euskararen egoera inporta zaigula eta prest gaudela gure alea eransteko egoera hori hobetzeko
- Belarriprest-mota berezi bat dira Ahobiziak, beren konpromisoa pixka bat urrutiago eramateko prest daudenak. Konpromiso-maila hori jende askok hartzea nahi genuke; baina onartu behar dugu horiek gutxieneko bat izango direla.
- Ahobizien lana erraztu egin behar da eta hori egiten dute Belarriprestek. Baina, aldi berean, belarriprestak elikatu egiten dira ahobizien indar konpromiso-maila altuago horretaz. Dinamika zirkular bat da eta guztientzat du eragin positiboa erabilera.
- Ez ahaztu taldeak. Taldean bizi gara. Giza-espeziea soziala da eta era guztietako taldetan bizi da. Taldeen dinamikak, tamainak eta ezaugarriak oso kontuan hartu behar dira erabilera bultzatzeko estrategiak diseinatzeko.
- Entitateei neurri estrukturalak hartzea eskatu behar zaie edizio honetan, posible egin dezaten ahobizi-belarriprest dinamikak sortzea eta mantentzea. Babes estrukturala sortu behar da Ahobizi eta Belarriprestentzat.
- Kultura soziolinguistiko berri bat orokortzeko pausoak eman behar ditugu; besteak beste, desaktibatu behar dugu uste orokortua, dioena oso zaila dela hizkuntza-ohiturak aldatzea. Hizkuntza-ohiturak aldatu daitezke, baldintza egokiak prestatuz gero.
- Kultura soziolinguistiko berriaren ezaugarri batzuk: (a) Elkarrizketa elebidunak normaldu behar dira. (b) Ulermen unibertsalaren garrantzia nabarmendu. (d) Helduoi dagokigu haur eta gazteen eredu izatea. Ezin diegu haur eta gazteei eskatu guk geuk egiten ez duguna.
Bestalde, Vianatik, orain gutxi ezagutu ahal izan dugu testingantza interesgarri bat: Euskaraldia garaiko Vianako alkatea eta honen koordinatzailea ekimenaren inguruan elkarrekin hausnartzen. Bideo honetan ikus daiteke, pasartea 10:50 minututik aurrera dago.
Lizarra. Bota Peña. Ekainak 7, ostirala. 18:00
Viana. Navarro Villoslada aretoa. Ekainak 7, ostirala. 20:00