Zorionak Lizarraldea: 756 Ahobizi eta Belarriprest!

Online izena emateko epea bart itxi zen eta lehen datuak eskura ditugu. Artikulu labur honetan Lizarraldeko eta Euskal Herriko datuak (albiste honetatik hartuak) erkatuko ditugu.

Lehenik eta behin aipatzea Lizarraldeko datuek erreferentzia egiten diotela Lizarra eta Irantzu Mankomunitateko herrietako izen emateei (Abartzuza, Deierri, Gesalatz, Jaitz, Lezaun, Oteitza eta Villatuerta). Lizarra eta herrien arteko banaketa, baina, “desitxuratua” atera da inguruko dozenaka herritarrek Lizarran eman dutelako izena, hau da: Aiegi, Arellano, Ameskoa, Allinibar, Iguzkitza, Allo, Lerin, Urantziako… herritarrek Ega ondoko hirian eman dute izena haien herrietan ez zelako batzorderik eratu.

Kopuru absolutuei begira, 2017ko azaroan Euskararen Maratoia ospatu genuen Lizarran eta bertan 242 Ahobizi eta Belarriprestek eman zuten izena (Bihotzgoxo rolean, aldiz, beste 63-k). Aurten 756 lagunek eman dute izena geure eskualdeko Euskaraldian, hau da, izen emateak hirukoiztu egin dira!

Euskal Herri mailan harridura sortu duen datu bat, Ahobizi eta Belarriprest-en arteko banaketa, geurean ere errepikatu da, baina apur bat orekatuago: Ahobiziak %69,4 Lizarraldean eta %74 Euskal Herrian. Genero kontuan, aldiz, ia datu bera jaso dugu %62,0 emakume geurean, Euskal Herrian %63.

Azkenik, adinaren aldetik, nabarmena da Lizarraldean izen emate gazteagoa izan dela Euskal Herrian baino. EHn 36-45 urte bitartekoak nabarmendu dira erabat eta bigarren adin tartea 46-55 izan da. Lizarraldean, aldiz, 36-45 urte izan bada ere izen emate gehien jaso dituena, bigarrena eta alde gutxigatik, 16-25 urteko gazteak izan dira. 26-35 adin bitartekoak izanik hirugarren adin tartea:

  • 16 eta 25 urte bitartean: %24,63 (Lizarraldea) %18 (Euskal Herria).
  • 26 eta 35 urte artean: %21,67 (Lizarraldea) %18 (Euskal Herria).
  • 36 eta 45 urte artean: %26,24 (Lizarraldea) %28 (Euskal Herria).
  • 46 eta 55 urte artean: %14,13 (Lizarraldea) %19 (Euskal Herria).
  • 56 eta 65 urte artean: %8,88 (Lizarraldea) %12 (Euskal Herria).
  • 65 urte baino gehiago: %4,44 (Lizarraldea) %5 (Euskal Herria).

Beraz, laburbilduz, batetik Euskararen Maratoiarekin konparatuta izen emateak hirukoiztu dira eta, bestetik, Lizarraldea eta Euskal Herria erkatuz, Ega inguruan Belarriprest gehiago (+%5) izan dira, antzeko genero banaketa izan dugu, bien kasuan emakumeak nabarmenduz %62/63, eta adin banaketa gazteagoa izan dugu (16-25 urte bitartean %6,6 gehiago, 26-35 adin bitartean %3,7 gehiago). Esan daiteke geure testuinguru soziolinguistikoaren ezaugarriak hartu ditugula.

Zorionak Lizarraldea!

Edizio oharra: Albiste hau abenduaren 1ean eguneratu da azken orduko izen emateekin.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena