Egonean dagoen urak ez omen du errotarik mugitzen. Zentzu horretan uler dezakegu errealitatean eragiteko mugimendua beharrezkoa dela. Eta mugimenduaz ari garenean, leku espazial batetik bestera igarotzeaz baino, aldaketaz ari gara, berritzeaz. Edozein mugimenduk ere ez du aldaketarik eragiten, espiralean bira emate errepikakorrak ez baitu aurrera egiteko gaitasunik. Mugimendua, jarioa da errealitate aldakor honetan eragiteko beharrezkoa den esentzia, putzuan usteltzen den ura baino, gure inguruak behar duen indar eta freskura lortzeko egokiena. Eta bakoitzak eraman dezala ura egokien ikusten duen errotara…
Horretan gabiltza, bada, Kotarro aldizkarian. Lizarraldeko euskal komunitatean eragiteko helburuz mugitu dira bere barne indarrak. Orain arteko ibilbideari pausu esanguratsua emateko asmoarekin gatoz, bidean egonkortu diren Kotarro aldizkariaren funtzionamendu, eduki eta irakurleek oinarri ederra jarri dute proiektua bera zabaltzeko.
Etengabeko mugimenduan dagoen gizarte honetan ezin geldi geratu. Ez Kotarro aldizkarian bertan soilik, baita Lizarraldeko euskal komunitate eta euskararen sendotzera begira antolatzen diren ekimen eta askotariko proiektuetan ere. Ale honetan bilduko ditugu izaera honetako bi proiekturen baitan parte hartzera animatu diren bi gazteren ikuspuntuak, Mintzakide eta Kotarro, baita orain arteko ibilbideaz jardungo dutenen hitzak ere.
Urte hauetan Kotarron egin den lanarekin jarraituko dugu, baina maiztasuna handituz eta atal zein eduki berriak eskainiz. Espero dugu zuen gustuko izatea. Euskal komunitatearen errotari indarra emate aldera, gure ekarpena egiten jarraituko dugu.
Hemen elkarrizketa “errota zaharrei“
Hemen elkarrizketa “haize berriei“