Euskara jalgi hadi Nabarreria plazara!

Ostiralean dozenaka lagun elkartu ginen Lizarrako Nabarreria plazan. Bi burguen elkargune sinboliko horretan, izenak dioen bezala Nafar-herria (eta Erdi Aroko esanahiarekin jolastuz, Estellako euskaldunen herria izan zitekeena), euskara plazara ateratzera gonbidatu genuen.

Bertan, hiriko San Andres ferietako festa kuttunen ostiralean, 2018ko Euskaraldian sorturiko konplizitateak, pizturiko ilusioak eta sendotutako komunitateak ekarri genituen gogora. Eta baita 2020ari begira euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritzeko gonbita egin genion elkarri. Norberatik hasita auzora, bertatik hirira, hiritik eskualdera, handik Euskal Herrira, eta naziotik munduko aniztasunari eta giza-aberastasunari egiten diogun ekarpena goraipatu genuen.

Ekitaldian aukera izan genuen ere norbere desio, irrika, sentimendu, itxaropen, bizitako esperientziak idatziz edo margotuz jaso eta hauek puxika hegalarietatik zintzilikatzeko. Eta, azkenik, keinu xamurra bidali genion Euskal Herriko pailazorik xarmangarrienei: Maia, sentitu, pentsatu, ekin! zentsura putzura!

Hemen ekitaldiaren argazki galeria

Argazkiak: Amaiur Pagola

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena