Errota zaharrei elkarrizketa

Kotarro aldizkariaren haize berriek orain arteko edizio taldeko kideei zenbait galdera egin diete mugimendua nola hasi zen martxan eta orain arte nola mantendu den hobeki ulertzeko.

Noiz hasi zenuten Kotarro proiektua eta zein hausnarketatatik abiatu zineten?
[Pello] Kotarro Garean elkartearekin batera hasi zen, 2007an, Lizarraldeko euskaldunen ekintzen, berrien, festen eta iritzien komunikazio tresna edo bilgune izateko asmoz. Euskaraldiaren aurrekaria egin zenean, 24 ordu euskaraz edo deitzen zena, (mintzodromoa Los Llanos Kulturagunean), lehenbiziko aldiz egin zenean, Elenak egin zuen bideoan ordurako Kotarron Lizarrako zenbat euskaldun agertu ziren ikusita harritu nintzen. Orain are eta gehiago, erreportaietan, ekintzetan, fotoinkestetan… Esan daiteke Lizarrako euskaldunen argazkia atera dugula.
[Regino] Hasierako hausnarketan bi ideia eta helburu izan genituen, Garean elkartearen helburuekin bat zetozenak: euskaldunon sarea zabaltzea eta trinkotzea eta euskara ikustaraztea Estellerrian.
[Alfredo] Ni ez nintzen aldizkariaren hastapenetan aritu, proiektua martxan zela ekin nion parte hartzeari. Hasieran artikulu batzuk idatzita eta gerora ardura handiagoak hartuz.

Zein izan dira bidean topatu dituzuen erronka nagusiak?
P: Gure lanari segida edo jarraipena ematea izan da erronka edo zailtasun handiena, etenik gabe hor jarraitzea, zenbakirik zenbaki, urterik urte. Batzuetan mantentzea kostatu zaigu. Kontuan hartu geure denbora librean egin dugula. Eta horrekin lotuta gure erredakzio taldera jende berria gehitzea izan da beste erronka bat. Saiakera bat baino gehiago egin dugu, batzuetan arrakastarik gabe. Orain atzera begiratu eta “Honaino iritsi gara!” esan dezakegu.
R: Bizirautea, kolaboratzaile berriak lortzea eta, normala den bezala, bideragarritasun ekonomikoa.
A: Lortutakoen artean aipatzeko bi, borondatean oinarritutako hedabide kolaboratiboak hamarkada gainditu izana eta Kotarro komunikazio plataforma-anitza bilakatzea: paperezko aldizkaria, webgunea, sare sozialak, bideoak… eta bestetik, (oraingoz) bete gabekoa: tokiko komunikazio proiektu honen profesionalizazioa.

Aldizkariaren zenbakiren bat gogoan al duzue, bereziki?
P: Jaietakoak, egitarau luzeekin eta fotoinkesta bereziekin.
R: Zero zenbakia, jakina; 14.a, Gareanen lehen egoitza ireki zenean; 24.a, Euskararen Udal Ordenantza gai nagusia izan zuena; eta bai, festetako guztiak.
A: Zaila da esaten. Zenbait zenbakitan aurretik egindako lanen eta ekintzen bildumak aurkeztu ditugu (Kotarro 44, Euskaraldia; Kotarro 38, Garean proiektuak eta jendea; Kotarro 30, aldizkariaren sortze proiektua…), eta halakoetan jabetzen gara aleka aleka egindako ekintza txiki eta ertainek akaso beste magnitude bateko ondorioak eragin ditzaketela. Errekopilazio eta atzera-begirako zenbaki horiek ditut gogoan.

Nola ikusten duzue Kotarroren etorkizuna?
P: Itxaropenez, jende berria eta gaztea batu zaigu eta.
R: Baikortasunez. Baikortasunez eta ausardiaz ez bada, nola imajina genezakeen, duela hamabi urte, posiblea izanen zela aurrera ateratzea euskara hutsez argitaratutako hedabide bat Estellerrian?
A: Aukera eta erronka bana: batetik, euskal komunitatea handitu ahala hazteko aukera duen proiektua da, tokian tokiko informazioa eta geure hizkuntzan arituko den komunikabidea. Eta, bestetik, erronka, auzolana eta profesionalizazioa uztartzen asmatu beharko dugu, bietatik beharko baitu.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena