Lizarrako udalak Lagun egiteko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza onetsi zuen 2024an. Ordenantza horren artikuluetan arautzen dira, besteak beste, animaliak izateko baldintza orokorrak, osasun eta segurtasun baldintzak, animaliekin lotutako jarduera industrialak, komertzialak edo zerbitzuetakoak, eta halaber, etxeko animaliekin edo udalerrian dauden hiriko animalien koloniekin pertsonek dituzten harremanak.
2025eko ekainaren 17an Estella-Lizarrako Udalak txakurren pixei aurre egiteko kanpaina iragarri zuen, 2.000 botila tolesgarri banatuko dituzte. Ekimena iragartzeko albistea ilustratuz lau kartel ageri dira. Denetan da gaztelania lehenetsia, baina batez ere ezkerrean dagoen horretan nabarmentzen da: gaztelania euskararen aurretik, tamaina nabarmen handiagoz eta hizki-kolore ikusgarriagoan.
2013an Estella/Lizarrako udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza onartu zen. Horretatik honako artikuluak nabarmenduko ditugu:
- 12. artikulua. (…) Ordenantza honi dagokionez ele bietan idatzitako agiria da testua osorik eta euskarri berean bi hizkuntzetan agertzen denean. Horretarako, begiratuko da bi hizkuntzek tratamendu grafiko berdina izan dezaten, behar bezala ezberdindurik ager daitezen eta testua argi geratzeko moduan banaturik.
- 15. artikulua. Estella/Lizarrako Udalak eta bere menpe dauden erakunde autonomoek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte herritarrentzat, oro har, ari direnean. Hala, ele bietan izanen dira (ele bietan ulertuta 12. artikuluan zehaztu moduan), euskarri tradizionaletan zein teknologia berrien bitartez, ondoko hauek: a) Bandoak, ediktuak, kartelak, programak, Udalaren informazio aldizkariak eta informazio plakak.
Bestalde, euskararen sustapena ere bada Ordenantzaren helburua. Nabarmentzekoak:
- 2. artikulua. Ordenantza honen xedea da euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, Udalaren eskumeneko esparru guztietan.
- 3. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak ondoko xede bereziak ditu: 1. Herritarrei helaraztea euskara osagai garrantzitsua dela integrazioaren zein komunikazioaren aldetik. 3. Euskararen erabilera idatziaren gaineko araudia zehaztea. 4. Zehaztea noraino agertuko den euskara Udalaren kanpo irudian. 8. Euskara sustatzeko bestelako jarduerak bultzatzea, ordenantzaren xedearekin lotura dutenak. 9. Udalaren barne funtzionamenduan euskararen erabilera sustatzea.
Araudiak (eta logikak) dio euskara eta gaztelania ikusgarritasun eta ulergarritasun maila berberetan agertu behar direla edozein euskarri komunikatibotan. Argiki, ezkerreko kartelak ez du inondik ere hori betetzen. Gainera, Ordenantzak esaten du (1) euskara sustatu behar dela eta (2) Herritarrei helarazi behar zaiola euskara osagai garrantzitsua dela komunikazioaren aldetik. Beraz, euskara sustatzeko eta herritarrei helarazteko euskara komunikazioan garrantzitsua dela, irakurgarritasun maila bera bermatuz euskara gainean jar daitekeenean hala egin beharko litzateke.
Bestalde, animaliak edukitzeari buruzko ordenantzak hainbat artikulu eskaintzen dizkio arau-hausteak zehazteari eta horien ondorioz eragiten diren isun edo zehapenei. Hala, 40. artikuluak ezartzen du 17 arau-hauste arin daudela, 25 arau-hauste larri eta 17 oso larri. 43. artikuluak, berriz, isunak zehazten ditu, jarraian horiek:
- a) Arau hauste arinengatik, 200 eta 1.000 euro bitarteko isuna.
- b) Arau-hauste astunengatik, 1.001 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna.
- c) Arau-hauste oso astunengatik, 6.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isuna.
Euskararen Ordenantzak ez du zigorrik ezartzen, [Ironia=piztua] nork pentsatuko luke bera betetzen zorrotzenak izan behar zutenek ere ez zutela beteko? [Ironia=itzali]
Zigorrak ezin badira eurotan ezarri, sikiera maskara kendu diezaiegun euskarafobia praktikatzen dutenei eta hori gertatzea ahalbidetzen dutenei.