Euskarabideak eta Tederrek lankidetza hitzarmena: euskara sustatzeko eragilea

Garapen erakundeen (TEDER, Erdi zonaldeko garapen partzuergoa eta Cederna-Garalur) eta Euskarabidearen arteko Lankidetza hitzarmenak sinatu dituzte. Horien helburua da euskara sustatzeko eragileak kontratatzea bakoitzaren lurralde-eremuan, eta hizkuntza bera sustatzeko jarduera-programa bat abiaraztea 2025ean.

Hitzarmen horiekin espero da Nafarroan hizkuntza-politika publikoak eskualde ezberdinetara zabaltzea eta, horrela, herritarren hizkuntza-eskubideak hobetzea. Hiru partzuergo horietako bat Lizarraldea du lan eremua: Estellerriko Landa Garapena – TEDER 1997an sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta eskualdearen garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzeko helburua du.

Euskara sustatzeko eragileak kontratatzea
Euskarabidea – Euskararen nafar Institutuak eginkizun hauek ditu, besteak beste: euskara bizitza sozialeko esparruetan agertu eta erabiltzeko informazio eta sentsibilizazio programak gauzatzea eta helburu hori bera duten entitate publiko nahiz pribatuekin lankidetzan aritzea.

Hori horrela, 2025ean, aipatu garapen erakundeekin lankidetza hitzarmena gauzatzeko diru sailak onartu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan. Hitzarmenek 2025ean euskara sustatzeko eragile lanpostua sortzea, horretan lanaldi osoan jarduteko teknikari bat kontratatzea eta euskara sustatzeko jarduera programa bat gauzatzea dute xede.

Euskara sustatzeko eragile lanpostua Tokiko Ekintza Taldeari atxikitakoa izanen da eta tokian-tokian euskararen erabilera sustatzea helburu izango du, bai Tokiko Ekintza Taldean berean (erakundeak egiten duen hizkuntza kudeaketan), bai horren eraginpeko lurralde esparruan (tokiko entitateekin eta gizarte eragileekin elkarlanean). Eragileek, besteak beste, Tokiko Ekintza Taldeko langileei hizkuntza-aholkularitza eskainiko diete, Nafarroako Gobernuak euskararen erabilera sustatzeko dituen dirulaguntza deialdien berri emango dute, eta proiektuak edo jarduerak aurkezteko aukerak aztertuko dituzte. Zeregin horretan Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuarekin koordinaturik egingo dute lan.

Kontratatuko diren euskara sustatzeko eragileek unibertsitate gradu bat izan behar dute, bai eta euskaraz C1 maila edo Euskara Gaitasun Agiria (EGA). Euskara sustatzeko eragile lanpostuan jarduteko teknikariak behin kontratatuz gero, Euskarabideak haren funtzioetan trebatzeko prestakuntza berariazkoa emanen die.

Euskara sustatzeko eragilea ez ezik, euskara sustatzeko gauzatuko den jarduera programaren gastu zuzenak ere lagungarriak izanen dira hitzarmenaren barnean.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena