Elisabeth Eskisabel, Lizarraldea BHIko zuzendaria

Zuzendaritzaren erronkari heltzeko: “taldeak ere asko lagundu dit, oso garrantzitsua izan da elkarlan hori, talde bat garela sentitzen dut eta horrek egunerokoan asko lagundu dit”

Elisabeth Iruñean jaio eta hazi zen eta gaur egun Lezaunen bizi da. Izan ere, ama bertakoa du eta txiki-txikitatik herriarekin harreman estua izan du, asteburuak, udak, familia… Euskal Herriko Unibertsitatean Artearen Historia ikasketak egin zituen Gasteizen eta, jarraian, Lezaunera etorri zen bizitzera. Hasieran bestelako lanetan aritu arren, Irantzu monasterioan gidari edo tokiko euskara teknikari kasu, 2008an ekin zion jada bigarren hezkuntzako irakasle izateari. Lehenik beste ikastetxe batzuetan, eta 2010etik Lizarraldea BHIn.

1. Irakasle izatetik zuzendari izatera, Nafarroako ikastetxe handienetako batean. Nolakoa izan da trantsizioa? Zerk eraman zintuen kargua hartzera?
Urte asko daramatzat eskola honetan lanean. 2010etik 2018 behin behinean aritu naiz eta orduz geroztik, behingoz oposizioa gaindituta, plaza eskuratu nuen. Urte hauetan guztietan zentroa ezagutzeko aukera izan dut eta baita bere dinamikak ere (pentsa, bi zuzendaritza talde ezagutu ditut).
“Nolakoa izan den trantsizioa?”, ba egia esan erraz-erraza. Aurreko zuzendariarekin, Toño Rosekin, ikasturte bukaera osoan ibili nintzen lanean. Egia da ikastetxea ezagutzen nuela, baina barne kudeaketa hori ezagutzeko aukera izateak pila bat lagundu ninduen. Eta uztailetik hemen gabiltza.
Trantsizio horretan, taldeak ere asko lagundu dit, oso garrantzitsua izan da elkarlan hori, talde bat garela sentitzen dut eta horrek egunerokoan asko lagundu dit. Taldea esaten dudanean, ikastetxeko komunitate osoa dut buruan (irakasle, ikasle eta irakasle ez diren langileak ere). Horiei guztiei esker, zuk diozun bezala, Nafarroako ikastetxe handienetako batean lan egitea erraza eta atsegina da.

3. D eredutik datorren lehen zuzendaria zara Institutuan zer esan nahi du horrek? Zerbaitetan nabarituko da?
Bai hala da. Lizarraldea BHIan, D ereduko lehen zuzendaria naiz. Zuzendaritza taldean bost kide gara eta horietatik, 3 gara D eredukoak. Maite Fernandez zuzendari ordea eta Emi Velaz ikasketa burua, D eredukoak eta emakumeak hirurak. Uste dut oso garrantzitsua dela ikastetxearentzat.

4. D ereduko lehen zuzendaria, baina ez lehen zuzendari euskalduna…
Egia da, ni naiz D ereduko lehen zuzendaria, baina duela urte batzuk Pedro Antonak zuzendu zuen eta A eredukoa izan arren, euskalduna da. Maiz gertatu zaigu A ereduko plazetan irakasle euskaldunak egotea. Eta horrek badu isla Institutuko giroan, euskarazko komunikazioa ohikoa eta arrunta izaten da.

5. Zer ekimen bultzatzen ditu institutuak euskararen erabilera handitzeko ikasleen artean? eta irakasleen artean?
Ikastetxeko proiektu linguistikoa ari gara garatzen. Hiru urte daramatzagu lan horretan eta bertan gure hizkuntza aniztasunari marko orokor bat emateaz gain, ikasleek konpetentziak beregana ditzaten ekintzak jasotzen ditugu.
Euskarari dagokionez, ahozkotasuna lantzeko jarduera gehiago, edo hobe esanda, modu sistematikoagoan ari gara programatzen arlo guztietan. Jardun dozentearen osagarri Solaskide egitasmoa dugu aspaldi. AEKko irakasleak etortzen dira astero hainbat taldetan ikastordu bat emateko.
Bestalde, erregistro informalak lantzeko beharra aspaldi antzeman genuela, eta duela urte batzuk hautazko ikasgai bat diseinatu zuen Euskara Departamentuak, Solasean izenekoa.
Badugu ere telebista estudio bat zaharberritze prozesuan eta martxan jarri nahi dugu irrati bat ere. Espero dezagun bi proiektu horien bitartez ikasleak motibatuko direla.
Horrez gain, Idazleak eta Musikariak ikastetxean egitasmoan parte hartzen dugu eta ekintza osagarrien bidez eskolaz kanpo euskararen erabilera sustatzen saiatzen gara.
Dena den, jakin badakigu eskolak ezin duela lan hau bakarrik egin eta beste eragileen lana zabaltzen laguntzen dugu: Korrika, Garean, Euskaraldia…
Irakasleei dagokienez, ez dugu ezer berezirik egiten. Irakasle euskaldunen artean ohiko harremana euskaraz da; bileretan zailagoa da euskararen presentzia bermatzea, departamentuak arloka baitaude antolaturik, eta ez hizkuntzaren arabera. Baina euskararen presentzia handia da Institutuan.

6. A ereduak euskararen gutxieneko ezagutza bat transmititzen du, baina ikasle ugarik uzten dute LHtik DBHra jauzi egitean. Zer ekimen bultzatzen dira Institututik eusteko ikasle kopuruari?
Galdera honi erantzuna emateko, kontuan hartu behar dugu zonalde mistoan gaudela eta A ereduan Euskara ez dagoela ikasgai tronkalen artean (zonalde euskaldunean bezala); hautazko ikasgaiekin lehiatu behar du, matrikula egiterakoan, hor baitago kokatuta. Horrez gain, hautagai gehienak ez daude gure esku, kurrikulumean datoz diseinaturik. Beraz, familiek matrikula egiterakoan zerrenda luze bat dute aukeratzeko, eta hor Euskara ikasgaia beste bat da, hainbesteren artean. Zaila da hor eragitea.

7. Zeintzuk dira BHIren erronkak epe ertainean?
Digitalizazioa, metodologia berriak, bizikidetza, elkartasuna, jasangarritasuna… Proiektu pila ditugu ardatz horien inguruan. Metodologia berriak-eta ezartzeko, Hezigarri izeneko programan sartuta gaude, eta uste dugu hezkuntza-inklusioa eta metodologia aktiboek ahozko konpetentzia linguistikoan eragina izango dutela eta euskararen erabilera eskolan sustatzeko baliagarriak izanen direla. Datozen bi urteetan DBH 1 eta 2 ikasmailetan ezarriko ditugu; talde horietako irakasle guztiak daude sartuta, asko dira eta erronka handia da guretzat.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena