Ametsa tabernak zoriontze gutuna jaso du Behatokitik

Euskara dela eta, uste baduzu zure administrazioan hizkuntza eskubideak urratu direla, edo zerbitzu pribaturen batean tratu desegokia jaso duzula, eta salatu nahi baduzu, Hizkuntza Eskubideen Behatokira jo dezakezu. Gainera, egoera horren berri ematea errazteko, Akuilari izeneko APPa eskaintzen du erakunde horrek. Baina, kexatu soilik ez, zoriontzeko aukera ere ematen du.

Zer sentitu zenuen Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren gutuna irakurri zenuenean?
Zer sentitu nuen? Ba, batez ere harridura, flipatzen pixka bat, ez nuelako espero horrelako gauzarik. Ez nekien ere Behatokiak horrelako gauzak egiten zituenik, eskertzeko gutunak bidaltzearena. Hurrengo egunean, horren inguruan pentsatzen, puntazo bat da.
Azkenean ez du neurtzen bezeroekin zuk euskara erabiltzen duzun edo ez, kasu puntual bat da, momentu bat, eta honek ez du hori neurtzen. Baina Lizarraldeko euskararen aldeko mugimenduarentzako sari moduko bat bezala hartu nuen. Hemen eta horrela gertatu zen, baina zerbait zabalago bezala ulertzen dut nik.

Nola uste duzu dagoela euskararen egoera Lizarrako dendei eta tabernei dagokionez?
Nik uste dut gero eta gehiago erabiltzen dela, ezta? Gero eta aukera gehiago duzu saltoki eta tabernetan euskaraz aritzeko: Equivalenza, Olgarenea, Ilargi… Azken urteotan aldaketa izan da eta nik uste nabaritzen dela, adibidez, Ikastolaren lana hainbeste urtetan zehar ikusten duzulako hainbat tabernatan zerbitzariak euskaraz badakitela. Hor belaunaldi aldaketa ikusten da.

Gehiagotan jaso izan al dituzu euskarazko zerbitzua emateagatik esker onak?
Ba niri agian ez, baina Ekaitzi (Ametsa Tabernako zerbitzari bat) adibidez, egun batean bizkaitar batek-edo esan zion harritu ziola Lizarran euskaraz aritzeak. Batzuetan, ez dakit kanpotik nola ikusten gaituzten, hau beste mundu bat dela, eta ez dute espero hemen euskaraz egiten denik. Hau euskaratik urrun dagoen gune bat izango balitz bezala. Niri horrela esker onik zuzenean ba ez dakit eman didaten, baina nabaritzen da askotan jendearen keinuetan eskertzen dutela. Ez dizute esaten: “Joe ze ondo euskaraz zerbitzatu didazula!”. Baina beste modu baten bidez agian bai eskertzen dizutela.

Zeuk ere eskertzen al duzu bezeroek euskaraz egitea?
Flipas! Nik oso ongi hartzen dut, gustatzen zait. Gu saiatzen gara keinu bat egiten, adibidez norbait sartzen denean “Aupa!” batekin hasten zara, edo lehenengo hitza euskaraz bota. Bezeroa eroso sentitu dadin saiatzeko pixka bat. Eta nik asko eskertzen dut hori, bai, horretarako gaude.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena