Bus geltokia, Estellesa S.A. zerbitzua eta euskara

@Delbin Goris (Wikipedia)

Lizarra eta Los Llanos parkearen artean altxatzen da, nolabaiteko muga ezarrita, bus geltokiko eraikina. Haren arkitekturak argiki salatzen du bere iragana, tren geltokia izan baitzen Vasco-Navarro izeneko linean. Tren hark 1889tik 1967ra  jardun zuen, eta orduko hartatik geratu zaizkigunak izan dira, batetik, 123.5 km-ko Vasco Navarro Bide Berdea eta, bestetik, burdinbide bazterreko tren geltokiak, besteak beste Lizarrako eraikin bikaina.

Azken honetan hainbat zerbitzu pilatzen dira, albo banatan daude Turismo Partzuergoa eta La Estación taberna; erdian Auzolan 1 gunea (hiriko kolektiboendako bulegoak eta biltegiak, besteak beste Garean Euskaldunon Elkartea). Eta beste aldean, berriz, komun publikoak eta bus geltokia, oso aspalditik La Estellesa S.A. enpresak kudeatuta.

Esan bezala, La Estellesa S.A. enpresak kudeatzen du Lizarraldeko bus zerbitzuaren zati handi bat. Besteren artean:

  • Hainbat linea komertzial, esaterako Iruñea-Lizarra-Logroño eta Donostia-Lizarra-Logroño.
  • 2004tik Lizarrerria Bus zerbitzua, Lizarra eta herriak konektatzen dituen bus sasiurbanoa.
  • Edo Lizarraldeko eskola-garraioaren zati bat. Izan ere, Lizarran badira hainbat ikastetxe zeintzuek garraio-sistema konplexua eta hedadura handikoa behar duten: BHI Lizarraldea, Lanbide Heziketarako Politeknikoa, Remontibal I.P….

Horrenbeste zerbitzuk, noski, bezeroendako ohar eta mezu ugari eskatzen ditu, bai online: ordutegiak eta lineak, online txarteldegia, txarteldegi fisikoen ordutegiak, edota herritarrari online arreta. Baita ikastetxe eta gurasoendako ordutegi, ibilbide, geldialdien oharrak; eta txarteldegi fisikoetan jartzen diren oharrak: kasurako, azpian ikusgai daudenak, 2023ko azaroaren 1ekoak, Lizarrako bus geltokian.

Lurralde Kohesiorako Departamentuaren 2019ko Memorian mardulean zerbitzu horien publikotasuna azaltzen da. Hala, Nafarroan, herrien arteko garraioaren titulartasuna Nafarroako Gobernuari dagokio, eta kontzesio bidez kudeatzen du hori. Txostena egin zen garaian bus-linea horien zerbitzua 19 enpresari esleitu zitzaizkien, La Estellesa horietako bat.

Bestalde, Lizarrerria Busaren zerbitzu sasiurbanoak, 2010etik 2019rako aldian, 1.680.479 bidaiari hartu zituen. Zerbitzua defizitarioa denez, eta izaera publikoa duenez, Nafarroako Gobernuak eta Udalek bidaiari bakoitzeko batezbesteko 1,68 euro ordaindu zuten aldi horretan (%35 udalek eta %65 Nafarroako Gobernuak). Beraz, udalek 986.525,62 euro ordaindu zituzten eta Gobernuak 1.832.118,95 euro; ia hiru milioi diru publikoan.

Hau da, laburbilduz:

  1. Garraio enpresa honek hainbat hiri lotzen ditu non euskaldun asko bizi den. Horien artean, Lizarra, Iruñea, Donostia, Irun…
  2. Lizarrerriko Bus sariurbanoarekin milaka eta milaka pertsonari zerbitzu publikoa ematen zaie non tokiko udalek eta Gobernuak ia 3 milioi euro ordaindu dituzten.
  3. Eta, ez dira gutxi izanen ikastetxeetako D eta A ereduetara egunero doazen haur eta gazteak, Nafarroako Gobernuak azpikontratatuko eskola-garraio zerbitzuan.

Eta, momentuz, Estellesa S.A.-ko web zerbitzuetan, eskolen informazioan, bus geldialdietan zein Lizarrako geltoki nagusian, autobusen serigrafian eta oharretan, zerbitzuaren markan, … ez da inon ageri euskara. Ez euskara, ez Estella-Lizarra izen ofiziala.

Lizarrerria Bus geltokia Lizarra erdigunean (2023ko azaroaren 1ean)

Eta zergatik zerbitzu elebiduna?

  • Lizarraldeko herritar asko eta Gipuzkoatik zein Iruñerritik datozen bezero ugari euskalduna delako; bezeroaren hizkuntzari begirunea izatea zerbitzu onaren adierazle da.
  • Zerbitzu publikoa delako, kontzesio bidez emana, eta hizkuntza eskubideak Nafarroako Gobernuan zein hainbat udaletan araututa daudelako (Euskararen Legea, Foru Dekretua, udal ordenantzak…), eta entitate publiko horiek babes ekonomiko handia ematen diotelako zerbitzuari. Hau da, legedia betetzeko.
  • Lizarraldean agerikoa delako jendartearen euskararekiko atxikimendua; horrek eraman du euskararen ezagutzan aurrerapauso nabarmenak ematera: tokiko euskalkia desagerrarazi zutenetik, azken mende erdian biztanleen %26k bere egin du euskara (erdia inguru euskalduna eta beste erdia euskara nolabait ulertzeko gai). Baita herrietan ere, horren erakusle D eredua zabaldu izana herrietan barrena: Ameskoa, Andia eskualdea, Lokitzaldea, Allo, Sesma, … Hau da, enpresak gizartearen sentsibilitatearekin bat egiteko.
  • Kostu/onura binomioan, kostu zerorekin onura eskura dezakeelako: bus geltokietan jartzen diren ordutegiak eta online zabaltzen direnen PDFak ele bitan jartzea (bai oharra, bai egunak, baita herrien zein kaleen euskarazko izenak ere); geltoki nagusian jartzen diren ohar finkoak, ordutegiak, …
  • Kostu/onura binomioan, kostu txiki batekin onura nabarmena eskura dezakeelako: webgunea eta online-txarteldegi zerbitzuak euskaraz eskaini (biak ala biak oso estatikoak dira, aldaketa gutxi dituzte eta beraz behin aldaketa eginda mantenu errazekoa)… Gainera, badira dirulaguntzak, hemen Euskarabidearenak.
  • Eta abar.

La Estellesa S.A.-k La Estellesa Sin euskerA izateari utzi diezaion…

+3 urteko euskaldunak Lizarraldean (2021, euskaldunak). Ez daude euskaldun hartzaileak (ulertzeko gaitasuna, mintzatzeko zailtasuna)

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena