Auzolan-guneak Lizarran: Gareanek egoitza berria

Lizarrako udala aspaldiko eskari bati erantzuna ematen ari zaio: herriko eragileen bulego lanetarako, biltzeko eta biltegirako egoitza.

Ospital Zaharrean emakumeen elkarte eta taldeekin txoko feminista sortu eta gero, duela gutxi San Migel auzoan beste bost eragileri lokala eman zaie: Dictel, Lizarrerriko Ikerketa-Gunea, San Migelgo Auzokideen Elkartea, Club Ciclista Estella y Iranzu Atletismo Kluba (Diario de Noticiasen: Cinco colectivos estrenan sus nuevos locales en San Agustin).

Orain, beste zortzi eragileren txanda, datorren larunbatean Bus Geltokiko gunea irekiko baita. Honela, eraikin esanguratsu honek bizitza berreskuratuko du, 2011tik goiko solairuak erabili gabe egon ondoren. Zortzi entitate sartuko dira bertara: Minbiziaren Aurkako Elkartea, Garean Euskaldunon Elkartea, AFTELAE, Ex Danzaris Francisco Beruete elkartea, Badminton Belmecher, Ekologistak Martxan, Tri Ur Gazia triatloi kluba eta Larraiza dantza taldea.

Ez da lehen aldia Gareanek egoitza duela, aurrekoa Ruiz de Alda kalean zegoen eta 2010ean inauguratu zen, honela kontatzen genuen Kotarro 14 aldizkarian, “Hasiera xumeak…”. Denborarekin baina, aldekoak eta kontrakoak (finean, alokairu gastua) aztertu ondoren, elkarteak erabaki zuen egoitza uztea.

Aukera aparta da oraingo hau, Udalak utziko duen egoitza berriarekin; batetik egoitzaren gastuak partekatuak izatea eta, bestetik, Geltokiko “Auzolan” esparrua partekatuko duten beste zazpi eragileekin sinergia aberasgarriak abiatzeko aukera izatean, denentzat aberasgarria izanen da.

Irekiera hitzordua: Martxoak 9, larunbata. Eguerdiko 12:00etatik 14:00etara.

(Garean egoitza zaharra, 2010eko inaugurazioa)

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena