Bakedao izena ofizialdu du hango kontzejuak

Aurretik beste udalerri asko bezala, Bakedao herriak bere herriko izena euskal grafian ofizialdu du. Hala, hemendik aurrera, gaztelaniaz Baquedano eta euskaraz Bakedao izanen da. Bakedaoren kasu partikularra da, neurri batean, kontzejua delako eta ez udalerria. Kontzejuen artean, adibidez, Deierriko guztiak eta Gesalazko batzuk ere euskaraz ofizialdu ziren (Zurukuain, Muetz, Allotz, …).
Kontzejuek baino lehen, udal ugarik egin dute haien izena euskal grafiara ekartzea. Hala, besteak beste, Lizarraldean azken hogei urteota: Abartzuza, Aiegi, Allin, Antzin, Deierri, Gesalatz, Jaitz, Lezaun. Lizarraren kasua partikularra da, hainbat arrazoi dela medio, izen konposatua ofizialdu zuen eta, beraz, Estella-Lizarra da ofiziala bietara.
Albistea Berria egunkarian: Bakedaok eta Txulapainek izen ofizial berriak dituzte gaurtik. Bertako batzarrak eskatu zuen izen ofiziala moldatzeko, “tokian tokiko udalek erabakia onartu ostean“. Hala, “Urriaren 11n erabaki zuen Bakedaoko batzarrak izena moldatzea, eta azaroaren 26an aurkeztu zuten eskaera. Euskarabidea Nafarroako euskararen erakundeak oniritzia eman zion abenduaren 2an” eta hala onartu du Nafarroako Gobernuak aste honetan.
Halere, ugariak dira euskarazko grafia ofizialdu gabe dutenak. Kontzeju asko eta baita Ameskoako udalerriak ere. Noizko Ameskoabarren, Iguzkitza, Oteiza, Arroitz, Deikaztelu, Larragoa, Olexua, Etaiu, Esprontzeda, Lukin, Oko…? Zure herria kontsultatu nahi duzu? Euskarabideak badu horretarako atala.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena