Joan den uztailaren 1ean abiatu egin zen EuskarAbentura espedizioa Mauletik. Guztira 140 lagunek osatzen dute, 16-17 urteko 110 gazte eta 30 heldu. Urduritasun eta ilusioarekin ekin diote abenturari, tartean Lizarraldeko hainbat kide. EuskarAbentura espedizioa uztailaren 31ra arte luzatuko da eta Getxon (Bizkaia) bukatuko da 483 kilometro oinez eta orotara 783 km, dozenaka bidelagun egin ondoren eta, milaka esperientzia jaso eta gero. Nagusiki hiru bide hartuko dituzte, Done Jakue bideak, aurrena “bide frantsesa” deritzotena, gero Errioxatik Baionara kontrako norantzan barnealdeko bidea eta, azkenik, kostaldeko bidetik Getxoraino.
Gazteen gehiengoa, %43, bizkaitarra da (48 gazte), %21 nafarra (23 gazte), %19 Gipuzkoatik etorriko da (20 gazte) eta %13 Arabatik (14 gazte). Zuberoa, Lapurdi eta Behe-Nafarroatik gazte bana etorri da eta diasporatik bi; bat Washingtondik eta bestea Patagoniatik. Gazteen %65 emakumeak dira, 72 neska eta 38 mutil. Parte hartzeko proiektu bat egin behar izan zuten.
Etapa bakoitzean, ibilbide ederretaz gozatzeaz gain eta ondare historiko artistikoa ezagutzeaz gain, ekitaldi ugari izanen dituzte. Geurean, adibidez, igande honetan Garesera iritsiko dira eta Eunatera bisita eginen dute, ondoren masaje tailerra, eta azkenik Nafarroako egoera soziolinguistikoa ezagutzeko parada izanen dute. Jarraian, astelehenean, Lizarrarat eginen dute eta bertan Karlismoaren museoa bisitatuko dute, Asisko Urmenetaren hitzaldiaz gozatu eta gauean proiekzioa ikusiko dute.
Los Arcosera asteartean iritsiko dira eta bertan sormen lanketa librea eta eskupilota lantegia izanen dute. Vianara iristean aldiz “ekintza” izanen dute.
Hemen lehen etaparen bideoa: