Ainhoa Urien Telletxe: gai-jartzailea, pala-jokalaria, filosofoa, idazlea, poeta… hainbat sari jaso ditu luma finarekin eta pala gogorrarekin… eta 28 urte baino ez! Udalbiltzaren eskutik ibili da Lodosaldean sorkuntza egonaldiak egiten, eta honako elkarrizketa hau egin nahi izan diogu.
Udalbiltza partzuergoaren «Geuretik sortuak» bekarekin etorri zara Lodosaldera. Nola funtzionatzen du beka horrek? Eta zerk bultzatu zaitu beka horretan parte hartzera?
Udalbiltzak ematen duen beka hau oso duina da, beken munduak duen perbertsio guztiaren artean. Izan ere, artista edo sortzaile batzuentzat, diru-iturri eta lan egiteko modu bakarra da beketan parte hartzea. Horrek eskatzen du deialdiei adi egotea, emaitzen zain egotea eta aurkezten den proiektua sarituko den ala ez jakin gabe lan egin behar izatea. Horregatik da perbertsoa. Hala ere, horren erdian, Udalbiltzak baldintza oso onak eskaintzen dizkio sortzaileari, bai diru aldetik eta baita arreta aldetik ere. Esaterako, ni Goi-Erriberara etorri nintzenean, Udalbiltzakoek lotuta zeukaten hemengo jendeak nire ardura hartu zezan. Horrek bide pila bat irekitzen dizkizu, babesa ere ematen du. Jakitea hor egongo dela beti norbait, edozer dela ere. Nora jo izatea garrantzitsua da, eta ez da beti gertatzen den zerbait. Gainera, gero hedapen fase bat ere bermatzen dizute, eta hori garrantzitsua da egindako lana plazaratzeko.
Baldintza on horien jakitun nintzelako animatu nintzen bekan parte hartzera. Horregatik eta, noski, egokitzen zen proiektu bat buruan neukalako. Mugen inguruko pentsamendu batzuk nituen, eta uste nuen beka honek lagundu ahalko zidala, Euskal Herriko edozein herritara bidalita ere. Azkenean, Goi-Erriberara bidali ninduten, mugaz inguratuta egotera, eta zorteduna sentitzen naiz, ezezaguna zitzaidan gune zoragarri bat deskubritu ahal izan dudalako.
Zer ekarri duzu Lodosaldera?, eta zer eramango duzu Ebrotik?
Ekarri, ez dakit. Gogoa eta jakinmina. Ez nuen Euskal Herriko zonalde hau ezagutzen, baina interesa pizten zidan, ez delako gure herri hegemonikoaren parte edo. Ertza da geuretzako ere. Esango nuke horrek eragin didala ezer ez ekartzea, hau da, irekita etortzea eta esperientziak berak eman zezakeena bere horretan hartzea.
Eraman, ez dakit zehazki esaten zer eramango dudan. Gauza pila bat. Esperientzia zoragarri bat eta poz handi batzuk. Minen bat ere bai, azken batean, hemen ere txakurrak oinutsik dabiltza: emakume ezezagun bat bakarrik kalean ibiltzeak edozer esateko boterea ematen die gizon batzuei, euskararenganako jarrera asko bortitzak dira eta borroka gogorregia egiten da batzuetan, prekarietatea kontserberetan eta soroetan dago… Hala ere, esperientzia pertsonalari begiratuz, poz handiak daramatzat. Jende zoragarria topatu dut, ohituta ez nagoen paisaia batek bete dit bista eta elikagai zaporetsuak jan ditut egunero. Jendea, esango nuke batez ere pertsonak daramatzadala. Bidea nirekin batera egin dutenak, inguru hauek ezagutzen lagundu didatenak, elkarrizketatu ditudanak… Jakintza berriak daramatzat, begiratzeko moduak, usain berriak eta lur gorriaren taktoa. Eta ibaia, Ebro, oso presente izan dudana egonaldi guztian zehar.
Aurreratu ahal dizkiguzu zure sorkuntza lanaren nondik norakoak? Zertan laguntzen ari dira egonaldi hauek lan hori egiten?
Mugaren inguruko proiektu bat aurkeztu nuen. Muga zentzu zabalean hartuta. Kontzeptuaren adiera guztiek eramaten ninduten sentsazio berdin batera: batzuetan muga difusoa dela eta besteetan oso markatua, baina egon, muga beti dagoela hor. Beti marraztu daitezkeela berriak eta zeharkatu zaharrak. Jolas bat proposatu nion neure buruari, eta mugaren aitzakia horretatik abiatuta herri edo zonalde bati begiratzeko talaia proposatu nuen. Goi-Erriberara bidali ninduten, mugaz inguratutako gune batera: Nafarroaren mugak, Euskal Herriarenak, zonifikazioaren mugak, euskararen erabilerak (erabilera ezak, batez ere) sortutako mugak, ageriko mugarik ez duten paisaia infinituak… Eta, noski, gure mugak haienganako. Esan nahi dut, Euskal Herriko gune hegemonikoan mugitzen garenok ze muga ditugun bazterreko euskal herriekiko.
Hasieratik esaten nien Erriberako herritarrei zertan datzan nire proiektuak, eta jendeak segituan identifikatzen zuen. Oso presente dute denek muga hemen, izan modu batera edo bestera. Orduan, bakoitzak bere esperientzia edo bere jakintza konpartitzen zidan eta askotan aipatzen zuten muga. Hiru astez mugan bertan bizi ahal izatea laguntza izan da niretzat. Ebro gurutzatzen nuen egunero, eta hori izaten zen muga egikaritzeko modu bat.
Nola topatu dituzu euskaldunak Ebro haranean? Zer transmititu dizute?
Udalbiltzakoek egindako hasierako harremanei esker topatu nituen. Eta gero haiek eraman naute hemengo euskaldun edo euskaltzaleengana. Komunitate txikia da eta denek ezagutzen dute elkar.
Haien gogo-egoeraz, topatu ditut nekatuta. Nekatuta borroka konstante batean bizi direlako, oso gutxi direlako eta oztopoak dituztelako zabalguneak baino gehiago. Ilusioa ere topatu dut, adibidez, Sesmako D ereduko amekin bildu nintzenean. Burugogorrak dira, eta hori behar da, ze, diotenez, despistatzen badira segituan galtzen dute lortutakoa.
Zaila da hemen euskaraz bizitzea, ia ezinezkoa. Horrez gain, euskararenganako gorrotoa dago, eta horrek bai sortu dituela mugak. Sortu ditu mugak pertsona batzuen arteko harremanetan, eta ez hizkuntzagatik elkar ulertu ezin dutelako, euskarafobiagatik baizik. Meritu handia dute hor borrokan jarraitzen dutenek. Neke kroniko baten sentipena, ilusioa eta miresmena sorrarazi dizkidate.
«Bertsoa, poesia, sentipena: lau hitz esperientzia infinitu bati» izeneko emanaldia eskaini zenuen Lodosan. Zer lau hitz ziren eta zein da esperientzia hori?
Lau hitz eta esperientzia infinitua kontrakotasunarekin jolastu nahi izan nuen izenburuan. Izan ere, esperientzia hau guztia hitzetara ekartzea ezinezkoa zait, horregatik, mugatua da esan dezakedana. Lau hitz ziren nolabait esperientzia laburtu zezaketenak, etengabe bueltaka izan ditudanak: muga, memoria historikoa, paisaia, euskara, pertsonak, itzulera… Ez askoz gehiago. Baina, noski, esperientzia eta hortik sortutako sentipenak infinituak izan dira: herri hauek ezagutzea, jendearekin egotea, beroa, soro zabalak, frutak… Ez naiz ausartzen hitzetan jartzen, zeren horrek mugatu egingo luke. Hiru puntu suspentsiborekin utziko dut, infinitu hori irudikatzeko edo.
Emanaldiari berari dagokionez, zerbait itzuli nahi nien hemen jasotako guztiagatik. Maialen Akizu beka berberarekin etorri zen duela bi urte, eta hori aprobetxatu nahi izan nuen elkarrekin zerbait sortzeko, esker on bezala, eskaintza bat bezala.
Ainhoa Urien Telletxe: gai-jartzailea, pala-jokalaria, filosofoa, idazlea, poeta… hainbat sari jaso dituzu luma finarekin eta pala gogorrarekin… eta 28 urte baino ez! Hurrengo erronka?
Goi-Erriberan jasotako guztia hitzetan jartzen asmatzea eta hartutako guztia nolabait itzultzea. Deboluzio hori egitea. Ipuin luze bat idatzi behar dut eta gustatuko litzaidake bizi izan dudanarekiko leiala izatea. Hori borobiltzea da hurrengo erronka.
Eta, bestela, idaztea, sortzea, horrekin jolas egiteaz sekula ez aspertzea. Eta, nekatu behar bada, frontoian nekatzea, lagun artean eta jokoa ulertzeko modu sano batekin.
Poetak eta bertsolariak sentimenduak sintetizatzen abilak zarete, eta baita hitzak mailu bilakatzen ere. Bazter hauetan euskalduna bazter da batzuetan. Zer (mikro)poema idatziko zenioke Lizarrako festetan ikurrina kohetean udaletxeko balkoitik haizatzeagatik «saña»-z eraman zuten zinegotziari?
Sumindu dira berriro
hiru kolore haizatzeagatik.
Sumindu dira berriro
askatasuna praktikatu
eta aldarrikatzeagatik.
Festa bat zapuztu dute
ez dutelako denon festa izatea nahi.
Erdiguneak bazterra behar du
zentro izaten jarraitzeko.
Hura gabe ezin izan
harekin ezin ibili.
Sumindu dira berriro
trapu bat astintzeagatik.
Uniformedun gizon batek
amorruz atera du emakumea balkoitik.
Biolentziaren patroiak
errepikatzen
elkar elikatzen dira.