Kattaliren lorratzak

Katalina Eleizegi idazlea ezagutzera emateko herri ekimena abiatu dute hainbat lagunek eta eragilek: Lizarrako kale bati haren izena jartzea eta haren obra guztiak lan monografiko batean jasotzea eskatu dute. Donostian jaio bazen ere, euskal antzerki modernoaren aitzindarietako bat izan zena gure hirian bizi izan zen urte luzez.

Katalina Eleizegi Maiz (Donostia, 1889 – Lizarra, 1963) beste izen bat da historiak isilarazitako eta ahaztutako emakumeen zerrendan. Virginia Woolf, Frida Kahlo eta Simone de Beauvoirren garaikidea izan zen, eta, haren itzalak mugak zeharkatu ez bazituen ere —azken batean, euskaraz idazten zuen—, ekarpen handia egin zion euskal literaturari. Harkaitz Cano idazleak berak euskal antzerki modernoaren amatzat dauka. Eleizegik zazpi obra idatzi zituen, denak euskaraz, eta azken hiruak gure hirian, Lizarran. Herritarrentzat, hala ere, zeharo ezezaguna da.

Aitzindari bat

«Lizarran erabat ezezaguna da, bere bizitzaren erdia hemen eman bazuen ere. Bazterrean utzi dugu, eta bada garaia bere izena eta izana berreskuratzeko. Aitzindari bat izan zen, bidegile bat, eta bidezkoa da memoria egin eta gure aurretik izan zirenak aitortzea eta omentzea». Kristina Berasain kazetaria duela urte pare bat hasi zen idazlearen lorratzetan arakatzen. Ino Illanesek Lizarrako emakumeak ikustarazteko karta joko bat egin zuen eta tartean idazlearen izena zegoen. Kazetariak biografi ak euskaratu zituen eta orduan topatu zen Eleizegirekin.

«Inoiz entzun nuen haren izena, baina ordura arte ez nintzen ohartu bere benetako dimentsioaz». Berasainek «Arrastoak, lorratzak, uharak» izeneko ipuina idatzi zuen orduan, idazlea ardatz hartuta, eta elegia moduko bat den idazlan horrekin Maria de Maeztu Literatur Lehiaketa irabazi zuen. «2023an haren heriotzaren 60. urtemuga betetzen zela ohartu nintzen eta pentsatu nuen zerbait egin beharra zegoela. Efemeridea aitzakia izan da».

Katalina Eleizegi oroitzeko herri-ekimena

Bada, berriki aurkeztu dute idazlearen fi gura eta obra oroitzeko ekinaldia. Lizarrako Emakumeen Asanblea, Egakumeak eta Garean elkarteek ekimenekin bat egin dute, hala nola, beste hiru norbanakok: Ino Illanesek berak, eta aurretik idazle donostiarraren biografi az idatzi izan zuten bi lagunek. Jose Torrecillak eta Ana Diez de Urek Personajes históricos de Estella-Lizarra eta Tierra de Estrellas. Guía histórica de las mujeres de Tierra Estella liburuetan eman zuten haren berri, hurrenez hurren. Eleizegi bizi izan zen etxearen aurrean atera zuten taldeko argazkia; Txapitel kaleko 1. zenbakian, alegia.

Berasainen hitzetan aipatzekoak dira aurretik idazlearen izena ezagutzera emateko egin diren ahaleginak, baina bistan da ez direla aski izan: «Gehiago da berataz ez dakiguna, dakiguna baino; gehiago dira galderak, erantzunak baino».

Horrexegatik haratago joatea pentsatu zuten. Lizarrako Udalari herriko kale baten izena hari eskaintzea eskatu diote eta idazlearen obra guztia lan monografi ko batean argitaratzeko saiakera egin nahi dute. Eleizegik zazpi antzezlan idatzi zituen eta lehenengo laurak argitaratu baziren ere —Garbiñe, Loretti, Gaine eta Yatsu—, azken hiruak eskuizkribuak baino ez dira, hain zuzen ere, gure hirian idatzitako hiruak: Brujasko harilkia (1960), Erauso Kateriñe (1962) eta Roldan (1963).

«Eleizegiren ondorengoek emandako gutun batean aurkitu nituen koaderno horiek». Amaia Alvarez Uria Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntza eta Literaturaren Didaktikako irakasleak halaxe jakinarazi zuen joan den urriaren 6an emandako hitzaldian. Lizarrako Kultur Etxean elkartutakoen aurrean aletu zituen idazlearen bizitzaren eta obraren inguruko pasarteak: «Bere bizitzan bi aro bereiz daitezke: gerraurrekoa eta gerraostekoa. Donostia euskal antzerkiaren epizentroa zen eta literatur generoen artean antzerkia zen nagusi. Han sariak irabazi zituen, bere lanak makina bat aldiz antzeztu zituzten, eta kritika onak jaso zituen. Lizarrako aroa, berriz, aro ilunagoa izan zen. Eten bat egon zen».

Katalina Eleizegi Lizarran

Eleizegi 1936an iritsi zen gure herrira, gerra zibilaren urtean. Lizarran urte hartan debekatu zuten «agur» esatea, eta plaza nagusian egindako suan erre zituzten ikurrinak, txistuak, euskarazko liburuak… Errepublika garaiko ikastola izan zena ere erre zuten eta uda hartan fusilatu zuten herriko lehen alkate abertzalea: Fortunato Agirre.

Lizarrakoa autoerbesteratze bat izan zela dio ikertzaileak bere tesian. Ega hirira ustez klima lehorrago baten bila etorri zen, umetatik arnas arazo kronikoak izan baitzituen, baina litekeena da tartean bestelako arrazoi sakonagoak izatea. Frankismoaren urteetan hiriko giro hertsian pasatako urteak ez ziren xamurrak izango halako ezaugarriak zituen emakume batentzat.

Erausoko Kateriñe Lizarran antzezten

Euskal maistren lehen belaunaldikoa, emakume argia eta jakintsua zen, euskara maite zuena, asko irakurtzen zuena. Feministatzat jo daiteke. Eleizegi ez zen ezkondu, nahiz eta hori izan garai hartako emakumeen helburu nagusia. Haurrik ere ez zuen izan, hortaz, ez zuen garaiko rol femeninoa bete. Estereotipoak hautsi zituen.

Alvarezek kontestuan jarri zuen bere lana: «XX. mendean zehar argitaratu ziren bere antzezlanak, aldaketa handiko garai batean, izan ere, tradizioaren eta modernitatearen arteko talka zegoen, eta marxismoa, feminismoa eta euskal nazionalismoaren hastapenak gertatzen ari ziren».

Ikertzaileak beste ezaugarri bat nabarmendu zuen: «Bere lanetan agertzen diren emakumeak pertsona osoak eta askeak dira. Beti dira protagonistak, eta garaiko eredu klerikal eta nazionalistarekin bat datozen jokabideak nagusitzen badira ere, emakumeak tradizioan zuen papera eta lekua erakusteko disidentzia moduko bat agertzen du». Desira, zoriontasuna edo askatasunari buruzko arazoak planteatzen dituzten emakumeak dira, barne gatazkak erakusten dituztenak, askotan ezinezko amodio bat izan zutenak.

Hori da gure hirira etorri izana azaltzeko beste hipotesi bat, baina argi dago bere soslai biografiko sendoa egiteko elementu asko falta direla. Horregatik, herri ekimen honen bidez, herritarrei Eleizegiren memoria berreskuratzeko deia egin zaie. Oraindik badago bera ezagutu zuenik, nahiz eta azken aldian apenas ateratzen zen etxetik. Javier eta Alicia Zufiaurre anai-arrebak, esaterako, haur koskorrak zirela joaten ziren haren etxera. Txapitel kaleko etxeko lehen solairuan errentan bizi zen idazlea, maizter. Javier eta Alicia parean zegoen etxean bizi ziren: «Askotan joaten ginen harengana. Ipuinak kontatzen zizkigun, berezkoa zuen ahots marrantatuarekin.

Liburu eta koaderno artean pasatzen zituen egunak, baina solaskide aparta zen, oso atsegina, jakintsua eta maitakorra zen. Kattali deitzea nahi zuen». Bada haritik tiratzeko beste pasadizo bat. Lizarrako Etxeko Zerbitzuan Katalina Erausori buruzko obra antzeztu zuten hura hil baino urtebete lehenago. Bada emanaldi haren argazki bat eta, akaso, artean bizirik egon daiteke antzezleren edo ikusleren bat.

Bada haritik tiratzeko beste pasadizo bat. Lizarrako Etxeko Zerbitzuan Katalina Erausori buruzko obra antzeztu zuten hura hil baino urtebete lehenago. Bada emanaldi haren argazki bat eta, akaso, artean bizirik egon daiteke antzezleren edo ikusleren bat.

@Wikipedia

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena