Garean Euskaldunon Elkarteak ‘Go!azen’ fenomenoa ekarriko du igande honetan Lizarrara. Une honetan 1.000 ikusletik gora izanen dira apirilaren 22ko bi saioetan (16:00etan eta 18:00etan). Los Llanos Kulturaguneko areto nagusia lepo ikusiko dugu.
Areto nagusia lepo beteko zaigu bitan, 16:00etan eta 18:00etan
(argazkia Nafarroako Antzoki Saretik)
Sarrerak martxoaren 3an jarri ziren salgai, lehen orduetan txarteldegian soilik, Lizarra inguruko familiei erraztasunak emateko. Ostiralean bertan lehen saioa bete zen ia (18:00etan) eta bigarren saioa eskaintzea erabaki genuen (16:00etan). Ordutik sarrera guztiak saldu dira eta ia 1.100 ikusle izanen ditugu bi saioetan.
Sarrera gehienak Lizarraldean saldu dira, estimatzen dugu %50etik gora direla, baina baita beste hainbat lekutan ere; nabarmentzekoak Araba %12, Iruñerria %11,8 eta Nafarroako beste lekuetan %17,7 (Tafalla, Tutera, Viana, Gares, Sakana, Agoitz, Lesaka…). Gipuzkoan %4,5 eta Bizkaian ere %0,7 saldu dira.

Eta zergatik ekarri ‘Go!azen’ antzezlana? Batzuentzat nahikoa litzateke Lizarrako Los Llanos areto nagusia bitan betetzea egun berean, baina gure iritzian:
- ‘Go!azen’ telesaila eta antzerkia haur eta gazteen “fenomenoa” da, telebista gainditu duena.
- Besteak beste euskal kantuen bitartez erakarri ditu haur eta gazteak.
- Lizarraldeko familiek merezi zuten euskarazko fenomeno musikal hau geurera ekartzeko saiakera.
Euskarak gure hiriko kaleetan duen bizitasunaren ikur dugu puntako ekitaldia ekartzea eta bitan betetzea. Publikoa haur, gazte eta familiak izatea gure hizkuntzaren etorkizunarekiko baikor egiten gaitu.





