Joan Mari Torrealdaik «El libro negro del euskera»-n euskarak antzinatik jasotako errepresioaren aipu, lege, arau, notizi eta abar ugari bildu zituen. Oraindik ere zalantzan jartzen da jazarpen hori eta, jakina, horrek euskaldunengan izan duen eragina: Izan euskara seme-alabei ez transmititzea, izan irakatsi digutela non-noiz-norekin-noren aurrean den onargarria euskaraz egitea eta noiz ez.
Euskarari buruz «El libro negro del euskera» idatzi zen bezala, emakumeei buruz «El libro negro de las mujeres» idatz zitekeen. Emakumeei ere menderik mende irakatsi zaie nolakoak izan behar zuten eta nolakoak ezin ziren izan; hartara, XX. mendeko Simone de Beauvoir fisolofo eta idazlearen hitzak bertara ekarriz: «Gizonak gizaki gisa definitzen du bere burua eta emakumea, femenino gisa. Emakumeak gizaki gisa jokatzen duenean, erraten dute gizona ari dela imitatzen». Hona hautatutako kutixia gutxi batzuk:
“Emazteak bi egun zoriontsu ematen dizkio senarrari: ezkontzarena eta emaztearen ehorzketarena” (Hiponakte, poeta greziarra, K.a. VI. mendea).
“Hetairak plazerrerako ditugu, konkubinak eguneroko beharretarako, eta emazteak, gure klase berekoak, seme-alaba legitimoak izateko eta etxea zaintzeko” (Demostenes, hizlari eta politikari greziarra, K.a. IV. mendea).
“Etxearen oinarriak emakumea eta idia dira: idia, lurra golda dezan, eta emakumea, etxea zaindu dezan” (Fray Luis de Leon, humanista eta erlijioso espainiarra, XVI. mendea).
“Ezin zaio sekreturik fidatu oraindik hilik ez dagoen emakumeari” (Quevedo, poeta espainiarra, XVI.-XVII. mendeak).
“Emakume tentel atsegina zeruaren bedeinkazioa da” (Voltaire, ilustratu frantsesa, XVIII. mendea).
“Jakin beza emakume batek iruten, josten eta adabaki bat ipintzen; ez, ordea, gramatikan, ezta bertsoak egiten ere” (Calderon de la Barca, antzerkigile eta apaiz espainiarra, XVIII. mendea).
“Emakumeak ile luzeko eta ideia laburreko animaliak dira” (Schopenhauer, filosofo alemaniarra, XIX. mendea).
“Emakumeak ez dira iaioak jakintzan, sentimenduan baizik. Gauzak jakitea, izan ere, kontzeptuak eta definizioak izatea da, eta hori gizonaren obra da” (Ortega y Gasset, filosofo espainiarra, XX. mendea).
“Emakumeak organo genital artikulatuak baino ez dira, senarraren diru guztia gastatzeko ahalmenaz hornituak” (William Faulkner, eleberrigile eta olerkari estatubatuarra, XX. mendea).