Larunbatean, berritasunak Gabon-egunean

Ohi bezala, magia zipriztinak egoten dira garai hauetan, batipat haur txikien begietan. Aurten, Egaren bazter hauetan, nobedade garrantzitsuak izanen dira abenduaren 24an.

Gabonak edo Eguberriak abenduaren 24an hasten dira, Gabon-egunean, 25ean jarraitzen dute, Eguberri-egunean, 31n urtezahar-gaua ospatzen da, 1ean urteberri-egunean, mendira igotzeko ohitura dago eta 6an Errege-eguna… baina ospatuagoa da Lizarra horren bezpera.

Lehen kristautasunak blaitzen zitu egunak, itxuraz bederen, baina azkenaldian jainko berri batek hartu du bere lekua: kontsumismoak. Antzina baina, lurrarekiko lotura ospatzen zen, solstizio garaia, eguna berriro ere luzatzen hasten denean, bizi berria, eta udaberriaren itxaropena.

Gabon egunaren bueltan Lizarrako karriketan barrena ibiltzen da neguko izaki misteriotsu bezain desiratua: Olentzero. Urtetako tradizioan pandemiak aldaketak eragin zituen, besteak beste orain bi urte mendi-ibilbide batekin ospatu zen eta iaz kalejira mugatua egin ahal izan zen. Aurten, ohiko kalejirari nobedadeak gehitu zaizkio, arratsaldeko kalejirari goizekoa gehitu zaio.

Aurrerapen gisa, Olentzero eta Maridomingik gutunak bildu zituzten abenduaren 17an, Larraizarren, eta horiek denak bilduta, abenduaren 24an, larunbata berriro ere bisitatuko gaituzte. Aurten, nobedade nagusi bezala, goizeko egitaraua ere izanen dela.

Abenduaren 24a, goizean, baserritar jantzia ekarri!

  • 12:00etan hamaiketakoa Nabarreria plazan, Gure Hizkuntza, Peñaguda, San Andres eta La Botaren eskutik.
  • 12:30ean kalejira karriketan barrena. Trikitilariek eta bertsolariek girotuko dute.
  • 13:00etan txikientzako, Gareanen eskutik, plaza-jolasak Kulkirekin.
  • Ekarri zure edalontzia txokolate beroa hartzeko, Basaula Elkarteak goxo-goxo prestatuko digu.

Abenduaren 24a, arratsaldean, Mari Domingi eta Olentzero:

  • 18:00etan iritsiko dira, kartzelako zubitik, Mari Domingi eta Olentzero, eta handik San Martin plazara abiatuko dira. Bertan, Udaletxe zaharreko balkoitik hitz egingo digute.
  • 18:25ean kalejira abiatuko da.
  • 19:20an Ikastolara iritsiko da eta bertan Olentzero eta Mari Domingi agurtuko dira, photocalla egongo da.
  • 19:30ean Ur gaziko putzuan eta Arieta mendian agurtuko dute eguna mendizaleek. Argi-zizarea eta su artifizialak egongo dira.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena