5 hitz: «Datorrenaz eta etortzekotan denaz»

Onintze Arrastia Mauleon (2004, Arellano) idazle gaztearen hitzekin gozatuko dugu Kotarro aldizkariko atal honetan, berak idatzitako ipuinen bitartez. Txikitatik datorkio idazteko afizioa, irakurtzeko afizioarekin batera. Azken hori amaren partetik etorri dela esan daiteke, amaren familian oso errotua egon baita beti zaletasun hori. Ipuinak bere kabuz idatziz hasi zen lehendabizi, lehiaketetan parte hartzea erabaki zuen arte. Ager Vasconum literatur lehiaketan saritua izan da 2018, 2021 eta 2022 urteetan eta Urruzuno literatur lehiaketan 2021. urtean.

Kotarro aldizkariaren 61 zenbakian argitaratu zuen bere lehen ipuina guretzat, eta horrek eman dio izena atal berri honi: 5 hitz. Kotarro 65 honetan, laugarren alea: «Datorrenaz eta etortzekotan denaz».


Datorrenaz eta etortzekotan denaz


Telebista pizteak beldurra ematen digu garaiotan. Beldurra ematen digu miseria eta biolentzia ikusteak. Beldurra ematen digu diskurtso hutsalak entzuteak. Esperantza galtzeak ematen digu beldurra.

Gero, errudun sentitzen gara, edo, hobeto erranda, errudun sentiarazten gaituzte. Ez garela ezertaz enteratzen diote batzuek, tontotuta gaudela besteek. Geu gara gure ezjakintasunaren errudun.

Izututa eta ergelduta; ba al dago horrela egotea baino gauza alienagarriagorik?

«Egin kasu nagusiei». Zer nagusiei? Adinez zaharragoak direnak dira nagusi horiek, edo justu telebistan agertzen direnak? Zer erakusten digute nagusiek? Eta zer erakusten digute nagusiak ez direnek? Kezkak ere betetzen du gure bizitza.

Gizartearen baitan dugun betebeharraz kontziente izatea da minimoki eskatzen zaiguna, eta, antza, ez dugu betetzen. Jaiek arduratuegi gaituzte, eta ez dugu erantzukizunik hartu nahi datorren erabaki garrantzitsu horri dagokionez. Nola izango gara ba gu, gazteok, jaia ez den bertze zerbaiten parte hartzaile?

Ba, bagara, bai. Beldurraz, ezjakintasunaz eta kezkaz aparte badagoelako itxaropen puntu bat, galtzeko arriskuan dagoen arren bizirik dirauena. Baina badirudi nagusiek ez dutela hori begitantzen. Erauntsia hasi zenetik haren akabailaren esperoan tinko gaude asko, begirada ortzimugako ostarte horretan finkaturik, eta ez datorren barealdian.

—Ei, zertan ari zara hor, hain pentsakor? —Aurpegi irribarretsu bat daukat nire aurrean, esku artean dudan koadernoari beha—. Jaietarako txandak prestatzen, ala?

—Horretan nengoen, bai.

—Laguntzarik behar?

Baietz egiten dut buruarekin, pozik. Horrek irekitzen baitu gure itxaropena; konpromezuak eta lankidetzak.

Onintze Arrastia

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena