Ruper Ordorika gure artean izanen dugu datorren ostegunean, maiatzak 25, Bota Peñan. Motibo horrekin, elkarrizketa labur hau egin diogu.
Nola deskribatuko zenuke zure musika estiloa eta nolako bilakaera izan du zure ibilbidean zehar? Zeintzuk dira zure musikak markatu dituen eragin nagusiak? Nazioarteko eragina zenbaterainokoa da, adibidez, azkenaldian Kubakoa?
Musika zalea naiz eta denetarik entzuten dut nire gustuko gauzen bilaketan…
Bi harik lotzen banaute, hari bat goitik behera dator eta neure sustraiekin lotzen nau, euskara hautatu nuen eta euskaldun bizitzea. Beste haria ezker eskuin doa, neure sasoiarekin lotzen nau, nire belaunaldiko forma berriekin, herri musikarekin, rockarekin eta bilaketarekin.
Musikan anglofiloa izan naiz beti eta hainbat disko egin ditut Ameriketan eta Ingalaterrako musikariekin. Azken estudio diskoan nire Kubako esperientziak kontatzen sartu nintzen… Hango musika tradizionala maitatzen ikasi dut.
Zenbait kolaborazio egin izan duzu eta baita taldeetan parte hartu ere. Nolakoa izan da zure esperientzia beste musikari eta artista batzuekin kolaboratzen?
Ba, ez pentsa, ez naiz kolaborazioetara oso emana. Ez dut nire burua interprete gisa errez ikusten eta horregatik zaila egiten zait besteen egitasmoetan jartzea. Baina, bai, musikari lagunekin aritzea gauza haundia da eta poliki-poliki grabaketa askotxotan parte hartu dut: Hertzainak, Mikel Laboa, Bide Ertzean, Venizze…
Nolakoa izan da zure harremana euskal kulturarekin eta nola islatzen da zure musikan? Konpromisoa noraino iristen da?
Euskaraz ari garenok nahi eta nahi ez euskal kultura deitzen duzun horren partaide gara. Katebegi bat baizik ez naiz kate oparo batean.
Nola deskribatuko zenuke gaur egungo musika-eszena Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo? Orain duzun ikuspegitik, 80 hamarkada hasieran Hertzainak taldearekin «inon baino alaiagoa izanen da» abestu zenuen. Iragarpen hura bete al da? Edo batzuetan «ez dela posible, ezin litekeela» pentsatu duzu?
Aberatsa da gaur egungo musika eszena. Askotan pentsatzen dut eskaintza eskaera baino askoz oparoagoa dela. Hau da, interes eta maila haundiko proposamenak sortzen direla askotan radarraren azpitik pasatzen badira ere eta jende gutxirengana heldu…
Zer iritzi duzu Internetek, teknologia berriek eta plataformek musikaren industrian duten eraginari buruz? Zure jardunean zer eragin izan dute?
Kontsumitzaile bezala izugarrizko garrantzia. Erabat aldatu da dagoeneko musika entzuteko modua eta are gehiago aldatuko da etorkizun hurbilean. Musika egile bezala, grabaketa eta edizio lana asko errazten digu mundu digitalak… sormena berriz, beste kontu bat da. Nik lehen bezala ematen ditut lehen urratsak: bakarka eta gitarrarekin, gero musikari lagunekin…horretan ez da batere aldatu. Baina, oro har, erabateko aldaketa gertatzen ari da musika munduan digitalizazioaren bidetik.
Etorkizun hurbilerako zer proiektu dituzu aurreikusita, eta nola gustatuko litzaizuke jarraitzea zure ibilbide musikala garatzen?
Bakarka grabatzen ari naiz orain… bigarren bakarkako diskoa aterako dut udazken honetan.