Zer dute komunean 9 lagun hauek? Emaiozu onena

Euskaraz izena emateko gomita
Joan den astelehenean Zer dute komunean 9 lagun hauek? galdera luzatu genuen; albiste hura argitaratu bai, baina galdera gaur argitu eginen dugu: Lizarraldeko Toñok, Enekok, Itsasok, Ciarak, Oihanek, Anak, Aitorrek, Kristinak eta Oierrek haurrak euskarazko murgiltze ereduan izena ematera animatzen dituzte gurasoak. Horretarako, hiru galderari erantzunez, haien iritzi eta bizipenak kontatu dizkigute foto-inkesta interesgarri batean. Egindako elkarrizketak Diario de Noticiasen osorik ikusteko, klikatu hemen.

Elkarrizketatu diren 9 lagunetatik 7 euskaldunak badira ere egunkarian azaldutako hiru elkarrizketa besterik ez dira euskaraz izan. Lerro hauekin helarazi nahi dugu elkarrizketatutako zazpi lagun horiek eta elkarrizketatzaileon arteko harreman naturala euskaraz dela eta gogoz kontra egin behar izan dugula; baina, mezua jasotzea nahi genuen xede taldea dela eta (guraso erdaldunak), haietako lauri baimena eskatu diegu elkarrizketa gaztelaniaz argitaratzeko. Hauetako elkarrizketa batzuk gaztelaniaz egin dira zuzenean baina besteren bat, Anarena kasu, euskaraz elkarrizketatu da eta ondotik elkarrizketatzaileak itzuli egin du. Doazkiela hemendik eskerrik beroenak denei aurpegia emateko prest egoteagatik.

Amaitzeko, euskaraz argitaratu diren hiru elkarrizketen jatorrizko bertsioa ikusteko, jarraitu irakurtzen. Bertsio luzeagoak eta osatuagoak baitira.

Oihane

Oihane, nola iritsi zara euskararen mundura?
Galdera honi erantzutea ez da zaila, izan ere, euskara, etxean txikitatik transmititu egin didaten zerbait izan da. Egia da, nire etxeko giroa ez dela guztiz euskalduna izan nire amak ez baitaki euskaraz. Hala ere, nire amak euskaraz ez hitz egitea ez da oztopoa izan , nire aitarekin betidanik euskaraz hitz egin izan dudalako, marrazki bizidunak, arratsaldeko telebista saioak … ere gehienetan euskaraz ikusi ditudalako eta jolasak , musika etab nire gurasoek euskara mundura murgiltzeko tresna gisa erabili izan dituztelako. Gainera, nire euskararen inguruko ezagutza asko indartu duena eskola izan da, izan ere, D ereduan matrikulatua egon naiz txikitatik, 3 urtetatik unibertsitaterainoko ikasketak euskaraz burutuz.

Zer irabazi duzu bizitzan euskarari esker?
Euskara jakiteak, gehienbat zonalde erdaldun batean bizirik, bizitza kultural zabalagoa izaten lagundu dit. Honekin zera esan nahi dut; euskarak nire esperientzia eremua zabaltzea eragin duela. Hain zuzen ere, nire kultura eta nire arbasoen kultura ezagutzen, euskal herri osoan euskaraz mintzatzen diren pertsonak ezagutzen eta pertsona hauekin gure kulturaren adierazgarria den hizkuntzaz komunikatzen lagundu dit. Honekin batera, inoiz ahaztuko ez dudan lagun taldea ezagutzen, baliabide idatzi bai ahozkoak zabal eta aberatsa erabiltzeko aukera izaten, bizitzeko eta pentsatzeko era ezberdinak hobekiago ezagutzen, hain gustuko dudan lana etorkizun batean niretzat hain berezia den hizkuntz honetan egiten … eta, batez ere, gutxiengo etniko edo hizkuntza gutxiengoduna duten beste pertsonen egoera hobekiago ulertzen lagundu dit.

Zergatik aholkatu gurasoei euskaraz matrikulatzeko?
Arrazoi askorengatik aholkatuko nieke gurasoei bere haurrak euskaraz matrikulatzera, baina nire ustez, garrantzitsuenak diren hiru arrazoiak aipatuko ditut. Alde batetik, pasaden galderan esan bezala, euskara ikasteak niregan eragin dituen bizipen eta esperientzia positiboak asko izan direlako( lagunak, euskal kultura, baliabideen zabaltzea …). Bestetik, haurrak elebidunak edo eleaniztunak izateak, hizkuntzak geroz eta era azkarrago batean barneratzeko gaitasuna garatzea eragiten duelako eta azkenaldian egindako ikerketek (Poulin-Dubois-ek egindakoa, adibidez) esaten duten antzera, alderdi kognitibo batzuk hobetzea ere eragiten duelako. Eta azkenik, euskara munduko hizkuntz zaharrenetarikoa izaki, eta oraindik ere, jasan dituen zapalkuntzak gainditu ondoren, hizkuntza honen bizitza luzatzeko ematen den aukera hau aprobetxatzea gomendatzen diedalako. Azken finean, gure testuinguruko herritar guztiekin euskaraz komunikatzeak dakarren aberastasuna eta balioa oso handia baita.

Itsaso eta Iñigo

Itsaso, nola iritsi zara euskararen mundura?
Gurasoek ez zekitenez euskaraz Lizarrako ikastolan ikasi nuen. Dena den, gurasoek ahalegin handia egin zuten hiru anai-arreben artean euskaraz egin genezan. Horrela, hiruroi maiz esaten ziguten nahiago zutela gu ez ulertzea baina gure artean euskaraz egitea. Ikasketekin Donostian jarraitu nuen eta bertan Psikologia ikasi, euskaraz egiteko aukera zegoenez aprobetxatu nuen, eta hortaz, ikasketa ibilbide osoa hizkuntza honetan egin ahal izan dut.

Zer irabazi duzu bizitzan euskarari esker?
Bizimodu bat, esperientziak. Euskara aukeratzean, ikasketekin edota lagunekin izan, harreman eta ingurune bat irabazi ditut. Azken finean hautu bat da, gustura egin dudan hautua. Nire mutil-laguna, Iñigo, egun euskaltegian dago eta ahal duguna euskaraz egiten dugu etxean; hemendik hilabete gutxira gainera erronka berri bat izanen dugu, Izai jaioko da. Gure etxeetan ez bezala, Izaik aukera izanen du gurasoekin euskaraz egiteko.

Zergatik aholkatu gurasoei euskaraz matrikulatzeko?
Horren argi dudanez, zaila egiten zait azaltzea besteoi nire hautua. Batetik, lan mundurako kontutan hartzeko modukoa dugu. Nire kasuan, orain arte lortu ditudan lan gehienak hein batean euskarari esker lortu ditut: ikastolan irakasle aritu nintzen urte batez, begirale 3 urtez, jantokian, murgiltze-astea Tuteran, zerbitzari moduan … Bestetik, eta psikologiaren aldetik begiratuta, elebi izateak malguago egiten zaitu kognitiboki. Hau da, arazoen aurrean kreatiboagoak gara. Hizkuntzen artean aldatzera ohituta gaude eta horrek arazo bati aurre egiteko erantzun gehiago eta ezberdinak sortzeko erraztasunak ematen dizkigu.

Aitor

Aitor, nola iritsi zara euskararen mundura?
Nire amaren barrendik ateratako unean, herri euskaldunean jaio nintzen eta guraso euskaldunak nituen. Beraz, ez zen nik aukeratu nuen zerbait izan, horrelakoak ziren denak nire herrian.

Zer irabazi duzu bizitzan euskarari esker?
Lehenbizi komunikatzeko tresna, eta gero jaio nintzen tokian jaiota bertako lurrarekin eta jendearekin atxekimendu handiagoa izatea. Gero bizitzan beste gauza asko, familian, lanean, denetik…

Zergatik aholkatu gurasoei euskaraz matrikulatzeko?
Bertako sentitzen badira iruditzen zait euskara bertako hizkuntza denez beharrekoa izango dutela sentimendu horrekin bat izateko. Eskualde honetan euskara ia galtzear egon ondoren orain irakaskuntzaren bidez berreskuratuz, guzti horrek euskal kulturaren ateak irekiko dizkio familiari eta haurrari.

Diario de Noticiaseko Lizarraldeko gehigarrian argitaratutako albistearen azala eta kontrazala, gainean klikatu irudia handitzeko.
1 Azala4 Pirritx, Porrots eta Marimotots Lizarran

Elkarrizketak (9tik hiru euskaraz), gainean klikatu irudia handitzeko.

2 Eneko, Oier eta Aitor3 Oihane, Toño, Itsaso, Ciara eta Kristina

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena