
Gaurko blog sarrera ezohikoa izanen dugu, irakurle maiteok. Ez da albiste baten berri emanen, ezta euskarazko jarduera bat iragarri ere. Bloga maiztasunez jarraitzen duzuenok badakizue zeinen sinadura daramaten albiste gehien-gehienek. Kontua da C2 euskara maila egiaztatzeko titulua ateratzeko asmotan nabilela eta, horretarako, AEKn eman dudala izena online bidezko ikastaroan.
Hori dela eta, erabaki dut ikas prozesuan zehar egiten ditudan zenbait ariketa probestea blogeko albiste emaria elikatzeko; horren lehen tanta duzue honako sarrera hau. Honen bitartez ikasleak ikastaroarekin dituen espektatibak, nahiak zein beharrak azaldu behar ditu. Hortaz, hariari helduko diot eta nire igurikimenak, gurariak eta premiak azalduko dizkizuet.
Ikastaroan ekainean eman nuen izena eta ikasturte hasiera, bederen, lasaia aurreikusten nuen. Hara non, ezustean nire denbora librea hustuko zuten bi gertakari jazo ziren: batetik, euskara teknikari lana berrartu nuen iraila abiatzearekin batera eta, bestetik, martxan jarri zen Nafarroako euskara teknikarien lan poltsa osatzeko prozesua. Bi gertaera horiek erabat baldintzatu zituzten nire hasierako nahiak.
Azken sei urteotan euskara irakasle eta mintzalagun aritu naiz Lizarra inguruan, hala nola euskalgintzako kide zein sustatzaile sutsu, honek hein handi batean euskaraz bizitzeko aukera eskaini dit. Honen adibide sortu nituen online ekimenak dituzue: honako blog hau, facebook orrialdea, twitter kontua, flickr, youtube kanala eta abar.
Sortu eta zabaldu, hori izan dut lema, eta bide horretan aukeratu behar, kantitatea ala kalitatea. Susmoa daukat kantitateari erreparatu diodala gehienbat, bai ekintzen aldetik zein hedabideenetik ere. Horrela, euskararen erabilera sozialari lehentasuna emanez (hala, herrian eragite aldera, hautu zuzena egin nuela uste dut), nire eremu pertsonaleko euskaran gabezia nabaritu dut. Horri aterabide bat eskaintzeko asmoz animatu nintzen C2 ikastarora. Horra nahi bat, nire euskara hobetzea, testuak patxadaz idaztea, esaldiak bitan pentsatzea, hiztegia aberastea…
Bada, ordea, bigarren gurari bat ere, lehen esan bezala euskara teknikari ari naiz eszedentzia batean eta bertan ezinbesteko lan tresna dut euskara jasoa. Hortaz, lana hobe egin ahal izateko eta, bide batez, lehiaketetan puntu gehigarriak jasotzeko, C2 ikastaroa zein honi loturiko C2 titulua baliagarriak izanen zaizkit.
Beti pentsatu izan dut lanik ez duena lan egin nahi ez duelako dela; lana ez da falta, soldata duinak, ordea, bai. Tamalez, eta zorionez, zorionez diot lana izan banuelako, baina orain, gainera, soldata ere topatu dudalako, honek ikastaroarekin disfrutatzeko nituen espektatibak leundu ditu, ez baitiot behar dudan patxada eta hausnarketarako tartea eskaini ahal.
Hala eta guztiz ere, ikastaroarekiko nire nahiak edota premiak, eguneroko betebehar eta konpromisoekin uztartzen saiatuko naiz eta, ahal delarik, hemendik eratortzen den sorkuntza bloga elikatzeko erabili. Ez dut, ba, erronka samurra! Denborak epaituko du desafioa bete ote dudan. Bitartean, ongi segi guztioi.
Alfredo.



