Urriak 19, Lizarraldeko Kantari Eguna Villatuertan

Azken urteotan hainbat Kantuz talde sortzen ari dira eskualdean. Lizarrako Kantuz talde beteranoa, adibidez, 2007tik ari da Ega ondoko hiriaren karrikak alaitzen, hamabi urte jada. Baina euskal kantu tradizionalekiko atxikimendu hori ez da Lizarrara mugatzen eta, egun, badira Kantuz taldeak Oteitzan edota Gesalatzen ere, eta Deierrin sortzeko saiakera egiten ari dira. Gero eta jende gehiago batzen ari da, eta are eta eremu zabalagoa hartzen ari da kantu-jarduera modalitate hau.

Talde hauetan euskara maila oso ezberdineko pertsonak biltzen dira eta euskal kulturarekiko eta, bereziki, euskal abesti tradizionalekiko atxikimendu sutsuak batzen ditu. Aisialdiko jarduera honek badu beste alde bat, gure herrietako karrikak euskararen doinuekin eta hotsekin betetzen dituzte eta, honekin, hizkuntza honen presentzia handitu eta haren gaineko irudi positiboa zabaltzen dute.

Talde hauek, zenbaitetan, beste era bateko jarduerak ere antolatu izan dituzte. Kasurako, 2013an Kantuz saio berezia egin zen Lizarrara Oskorri taldea gonbidatuta, edo 2018an Txema Kaparek “Viejas canciones en euskara de Navarra, Nafar aire zaharretan” hitzaldia eta hauen kantaldia eskaini zuen Oteitzan. Kantuzaleen kopurua handitzen ari zela ikusita eta hainbat taldetan sakabanatuta daudela, haien arteko harremana sustatu nahian sortu da eskualdeko Kantari Eguna antolatzeko asmoa. Honen borondatea da etorkizunean edizio berriak izatea, bi urterik behin eskualdeko beste herri batzuetara mugituz. Lehen edizio honek ezarriko du egitasmoak edizio berriak ote dituen.

Egitaraua:
Eguerdi aldean kantu-jira eginen da herrian barrena, kiroldegitik 12:30ean abiatuta. Ondoren, bazkaria izanen da kiroldegiko erabilera anitzeko aretoan, Sarayola catering-ak eskainia. Eta eguna orobiltzeko Joxe Angel izanen da bazkalostea musikarekin girotuz.

Bazkari txartelak eskuratzeko:
Txartelak 22 euroan dira eta azken eguna urriaren 14a, astelehena. Txartela eskuratzeko Rural Kutxan ordainketa egin behar da (ES05 3008 0032 8423 8640 5613 kontuan, Irriherri Elkartea) eta kontzeptuan jarri behar da: izena, zenbat txartel eta telefono bat. Bazkarira bankuko ordainketa agiria ekarri behar da, eta trukean txartelak emanen dira Kantari Egunean bertan. Haur menurako aukera ere bada, horretarako kontsultatu Irantzu Mankomunitateko euskara zerbitzuan (euskara.irantzu@gmail.com – 622 154 523).

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena