Azken bi legegintzaldiak bereziki oldarkorrak izan dira euskal hiztunondako, mespretxua, ahoz gora zein ahopeka, egunerokotasunean iltzatuta izan dugu. Gutxi asko denok izan dugu honen berri, denok izan dugu presente: kalean kartelak eta seinaleak ikustean, udalean zerbitzu bat jasotzean…
Baina, inor gogoan izatekotan, horiek Lizarrako udaleko langileak dira. Haietako batzuk lanean etengabeko jazarpena, hauen lanaren eta profesionaltasunaren gaineko desprestigio maltzurra… mehatxuaren eta lan jazarpenaren mugan, gainditu ez denean. Zenbat pasadizo, gertaera eta bizi-pena orma horietatik atera ez direnak.
Beno, haietako batzuk bai atera direla, 2013ko Gabonetako “Zorionak” kaleko argi-apaingarria kasu:
Ereindako hazia ez zen baina lur mortuan landatu, hamarkadak behar izan zituen baina kimuak azaleratzen hasi ziren. Sinbolismoz beteriko inbestitura saioa izan zen larunbatekoa, hor genituen adibidez Fortunato Agirreren alaba bikiak. Aretoa lepo, sarrerako pasilloa bete, jendea ilusioz aldaketaren itxaroan.
Ondotik, elkarrizketa itxian, zinegotzi batek, berria eta oldarkorragoa, galdetzen, aurpegiratzen dio beste bati ez duela ulertu zin egitea. Eta ez badute zin egin? Berak hurrengoan ingelesez eginen duela ba. Besteak erantzun ezetz, ingelesez ezin dela, arautegiak ez duelako ahalbidetzen baina ez dadila kezkatu, arazoa ez ulertzea bada azalduko diola zer esan duten: “Legeak ala behartuta, bai, baina zin egin dutela“. Edo ez al da hori arazoa? Asko dago egiteko.
Momentu ona ematen du 2013ko Gabonetako argazki hau memoriatik berreskuratzeko, egun hartan zorionak opa genizkion Ega ondoko hiriko alkate, orain, ohiari. Gaurkoan baina, gogobetez erran dezakegu: Zorionak Lizarra! Zorionak euskara!






