Udan ere Bai euskaraz Blai: udako programazioa Lizarraldean

“Udan Blai” izenarekin “Blai” eta “Bai” hitzekin jolastu nahi izan dugu: Blai, bustitzea, jolastea, dibertitzea, murgiltzea… eta Bai, baikortasuna, erabakia. Udan Blai, Udan Bai, eta beraz Udan ere Bai euskaraz Blai. Gaur aurkeztu da eskualdeko izaera duen Udan Blai programa (hemen duzue dosier osoa).

Udalak udarako kultur programazio aberatsa antolatzen ari dira eta, haien baitan, baita euskarazko proposamenak ere. Horiekin batera Garean elkarteak eta euskara zerbitzuek ere euskarazko aisialdia ekarri nahi dute gure plazetara.

Udan Blai ideiak behar ugariri erantzuten dio. Batetik, tokian tokiko eta unean uneko kultur programetan euskaraz diren ekitaldi horiek nabarmentzea, oharkabean pasa ez daitezen. Bestetik, eskualdearen koordinazio ahalegina, euskarazko eskaintzari dagokionez agenda koherente bat izateko. Hirugarrenik, euskaraz ikasten duten haurrek hizkuntza-errepertorio zabala izan dezaten, ez soilik formala edo akademikoa, beharrezkoa baita gozatu bitartean euskaraz aritzea: plaza, areto eta antzokietako kultur emanaldiekin barre edo negar egitea, edota zur eta lur geratzea bizi osorako gera daitezkeen esperientzia ederrak bilakatu daitezke eta beste hizkuntza-errepertorio batzuk barneratzen lagundu dezakete.

Azkenik, kezka bati erantzuten dio. Hizkuntzak era komunitarioan ikasten dira hobekien, taldean, aurrez aurre, ahalik eta ordu gehien eginez eta egoera ezberdinetan hitz eginez. Eskolek hori eskaini dezakete, baina eskola telematikoen garai honetan eta udako oporraldi betean gaudela, haur askok aukera gutxiago izan dute euskaraz mintzatzeko. Udan Blairen asmoa ere bada bertako familia hauei zein bisitatzen gaituztenei kalitatezko eta gozamenezko espazioak eskaintzea udan zehar.

“Udan Blai” aurkezteko prentsaurrekoa (uztailak 10)

Azkenik, gogoratu nahi dugu ekitaldiak egin ahal izateko, osasun-neurriak bete beharko direla, bereziki gutxieneko distantzia errespetatzea eta jarduera guztietara norberak bere maskara ekartzea. Halaber, jarduera bakoitzaren arduradunak emandako jarraibideei jaramon egin beharko zaio. Oharrekin bukatzeko, aipatu edukiera mugatua izanen dutela ekitaldiek.

01 Uztaileko Udan Blai kartela

02 Abuztuaren lehen hamabostaldiko Udan Blai kartela

03 Uda amaierako Udan Blai kartela

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena