Lizarrako Kintoei katebegi berria gehitu zaie. Gazteriaren jaietan izango dira 94ko kintak antolatuko dituen azkeneko ekintzak. Gauzak horrela, 95ekoari tokatuko zaio lekukoa hartzea. Aipatzekoa da 94ko kintak euskarari dagokionez emandako pausua: antolatutako ekimenetan izan duen garrantzia, kide euskaldunen kopurua, komunikazioa euskaraz… Gauza hauetaz eta gehiagotaz hitz egin dugu 94ko kintarekin.
Zergatik erabaki zenuten Kintan sartzea? Zer esan nahi du zuentzat bertan egoteak?
Iazko gazteriaren jaietan 93ko kintak erreleboa pasa zigun eta gogoz eta ilusioz hartu genuen. Koordinakuntza taldea, jarduera guztiak antolatzen dituena, zazpi laguneko talde bat da eta, bi lagun izan ezik, gainerakoak koadrila berekoak gara. Talde on bat osatu dugula iruditzen zaigu. Hortaz gain, kintakoak diren beste guztiek noizean behin laguntzen dute. Koordinazioan egoteak lana eta orduak eskatzen ditu, baina, jakina, merezi du, oso polita da Lizarra osorako jarduerak antolatzea eta jendeak horietaz nola gozatzen duen ikustea.
Zein da orain arte egin duzuen jarduna? Eta zein balorazio egiten duzue?
Lizarrako jaietan ekin genion gure ibilbideari, musika ekitaldiak eta txosna bat antolatu genituen San Martin plazan jaietako asteburuan. Txosna horren helburua asteburuko gastu guztiak, soinu-ekipoa barne, ordaindu eta jarduerak antolatzen jarraitu ahal izatea izan zen.
Udazkenean, gazte-bazkari tradizionala antolatu genuen, eta urrian, Halloween arratsaldean, txokolatada bat prestatu genuen Gazteriaren Etxeko beldurrezko tunelean parte hartu zutenentzat.
Abenduan San Silvestre lasterketan parte hartu genuen eta Lizarraldeko familia eta elkarteekin (HiruHamabi, La Fuerza de Yeray eta Solidary Wheels) lankidetzan aritzeko elkartasun stand bat jarri genuen.
Otsailean, berriz, hainbat ekitaldi antolatu genituen inauterietan eta, orain, aste batzuen buruan, gazteriaren jaien antolaketarekin amaituko dugu.
Lizarrako Gazteriaren jaietara etorrita, ezinezkoa da gazteentzako programazio perfektua lortzea, baina, horra bidean, zein irizpide edo bide-orri jarraitzen duzue ekintzak antolatzerako orduan?
Lizarrako gazteriaren jaietan parte hartzen duten gainerako kolektiboekin koordinatzea eta komunikatzea oso garrantzitsua da jende guztiarentzako programazio bat osatzeko eta jarduerak gainjarri ez daitezen. Nahiz eta antolaketa-arazoak direla eta hori zaila den, saiatu gara beste talde batzuekin antolatzen.
Aurten, esaterako, bi orduz FestaGirok eta Kintak lehen aldiz batera antolatu ditugu ekintza batzuk. Honek hunkitu egiten gaitu eta hurrengo urteetan jarraitzea espero dugu. Lizarrako gazte guztiak bi orduz dantzan eta gozatzen elkartuta edukitzea oso zirraragarria izango da.
Lizarran gazteentzako dagoen aisialdiari dagokionez, nola ikusten duzue egoera? Zein indargune eta hutsune identifikatzen dituzue?
Hainbat kolektibok urte osoan dihardute gazteei jarduerak eskaintzen, modu desinteresatuan. Oso garrantzitsua da Udalak erraztasunak jartzea ekonomikoki eta, batez ere, laguntza eskaintzen jarduera horietan guztietan.
Gazteon artean euskararen erabilera bultzatzeko, zer egingo zenukete?
Gure Kintan hainbat euskaldun gara eta gure komunikazio eta afixa guztiak elebidunak egin ditugu lehen aldiz. Gure partetik egin dezakegun onena euskara publikoki erabiltzea eta zaintzea dela iruditzen zaigu.
Hauteskunde garaia da eta, eskatzea debalde denez, zer eskatuko zeniokete hurrengo alkateari?
Beste gauza batzuen artean, udalari eskatuko genioke aurten tramitatu dugun zerbait: Lizarrako Kinta Gazte Elkartea kontuan hartzea urteko aurrekontuetan, aurten izan ditugun zailtasun guztiak ez izateko. Bestetik, gazteei entzutea eta herriari jarduerak eskaintzen dizkioten kolektiboen aldeko apustua egiten jarraitzea ere beharrezkoa dela uste dugu.
94ko kintaren programazioa:
Larunbata 20
12:00 Gazte festa txupinazoa
12:05 Bermuta «Txurrutxiki» txarangarekin
14:30 Herri bazkaria Foruen plazan
17:00 Gaztelu puzgarriak txikientzat
17:45 Kalejira «Ardo Usaie» elektrotxarangarekin
20:00 Marabiyak sound
23:00 Kontzertuak: Lérica eta DJ-ak Foruen plazan
Txosnetako programazioa:
Ostirala 19
20:00 Ekitaldia
21:00 Kontzertuak: Eire, Lubaki eta Apero Punk
Larunbata 20
11:00 Bermuta: Melokoton Gigante
14:30 Bazkaria
17:30 Kalejira: Ardo Usaye
20:00 DJ-ak: Adrian Busto eta Lis J-DJ
23:00 Kontzertuak: Kristonak, Anita Parker eta DJ Aizer