Puntu EUS domeinua Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko goi mailako domeinu orokorra da eta, 2014ko abenduan aktibatu zenetik, ziztu bizian zabaldu da, enpresen artean batipat (domeinuen %43 2017an). Bigarren postuan dugu Euskara eta Euskal Kulturarekin loturiko domeinuak, %15, eta hirugarren eta laugarren postuan Erakunde publikoak eta Hezkuntza, hurrenez hurren %11 eta %8.
Banaketa geografikoaren aldetik, Gipuzkoan eta Bizkaian zabaldu da gehien (bien artean domeinu guztien %73 zuten 2017an, Araban beste %11, Nafarroan %5, Iparralden %2 eta kanpokoak %9). Domeinu honek “ez dio erreferentzia egiten eremu geografiko zehatz bati, komunitate kultural eta linguistiko bati baizik.” Hortaz, badirudi honen banaketa geografikoak hein handi batean ingurune soziolinguistikoari erantzuten diola. Hala balitz, beste herrialdeetan ez bezala, ez luke erabat bat eginen Nafarroako errealitatearekin, azpiordezkatua legoke. Akaso geure hizkuntzarekin pairatzen dugun krispazioaren beste albo kalte bat? Datu gehiago, Puntueus Behatokian.
Domeinua .Eus Fundazioak kudeatzen du eta honen helburu dira:
Euskara eta euskal kultura sustatzea.
Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea kohesionatzea.
Mapetan, era grafikoan, ikusi nahi baduzu domeinuen erregistroaren bilakaera (denboran zehar eta kokapen geografikoa erakutsiz), tresna ezinhobea duzu .EUS mapa proiektua. Horrez gain, domeinu izenak bilatzeko eta hauen gaineko informazio teknikoa ere eskaintzen ditu tresnak. Bertatik ateratakoak dira jarraian erakusten ditugun mapa-argazkiak (denak 2018ko datuekin): Aurrena Europako ikuspegitik, ondoren Euskal Herritik eta, azkenik, Lizarraldetik.
.EUS domeinuak Europan. Euskal Herria nabarmentzen da.

.EUS domeinuak Euskal Herrian.
Gipuzkoa, Bizkaia eta hiriguneak nabarmentzen dira.

.EUS domeinuak Lizarraldean. Ega ondoko hiria erdigunean jarrita.

Mapa honetan Lizarraldea ikus daiteke, Lizarra erdiguneko puntu gorri hori izanik. Eskualdea inguratzen zenbait puntu gorri nabarmentzen dira: Honela, ipar ekialdean Iruñerria dugu, hiriburua bera eta bere hiri-gerria, ipar mendabaldean, aldiz, Gasteiz bi gunetan banatuta eta, bien tartean, Sakanako puntu segida iparraldean. Aipagarri Tafalla, ez baitu .eus domeinu bat bera ere, ez Ikastolak ezta Udalak ere ez dute, bai ordea Txalaparta argitaletxeak, baina Bartzelonan du domeinuaren helbidea.
Lizarraren biribil gorriak kolore ematen dio eskualdeari eta bertan ditugu, besteak beste, lizarra.eus, estella.eus eta estella-lizarra.eus (Udala), angela.eus (gozotegia), plistiplasta.eus (proiektu hezitzailea) eta beste bakan batzuk. Kuriositatez, aipatzea kotarro.eus webgune honen domeinua ez dagoela Lizarran kokatua, Elizondon baizik, hango Baztanet enpresak garatu baitzuen webgunea.
Dutenak bezain interesgarri da, eta luzeagoa, .eus domeinua ez dutenen zerrenda. Are interesgarriago badirelako elkarte, enpresa edota erakundeak non web zerbitzua euskaraz ere baituten:
- Eskualdeko udal gehienak falta dira. Salbuespen positiboak: Lizarra, Deierri eta Ziraukiko Udalak. Ondoko Garesek eta Mendigorriak ere badute. Batipat, haien webguneen euskarazko bertsioa duten Udalentzako bereziki egokia da .eus domeinua.
- Beste instituzio publiko batzuk ere, Jurramendiko Mankomunitatea edo Gustavo de Maeztu museoa kasu.
- Lizarra Ikastolak eta Tafallako ikastolak ez dute hartua. Viana eta Lodosako ikastolek, aldiz, bai.
- Lizarrako zinemak, kiroldegia, mendizale taldea, turismo partzuergoa, Kulki jolas parkeak, kanpina, … denek dute webgunea elebiz eta inork ez domeinua.
- Mugitu aisialdi taldeak ere ez du .eus domeinua, baina honen kasuan, beste enpresa batek jadanik hartua du.
Bestalde, Lizarrako Udalaren kasuan, webgunea berritzeko behar handia izateaz gain, bi hobekuntza txiki egin ditzake. Batetik, lizarra.eus eta estella.eus domeinuek ez dute inora eramaten eta, bestetik, estella-lizarra.eus domeinuak estella-lizarra.com-en gaztelaniazko bertsiora garamatza. Beraz, hobekuntza proposamen txikia: lizarra.eus, estella.eus eta estella-lizarra.eus domeinuek eraman dezatela http://www.estella-lizarra.com/eu helbidera.
Aitzakirik ez, orain .eus domeinua merkeago




