Polemika merkeek estali nahi duten datua: Nafarroako “Eremu ez-euskalduna” ez da existitzen

Matrikulazio datuak

Azken asteotan egunkari ezagun batzuek Nafarroako euskal murgiltze ereduaren lana lohitu nahi izan dute eztabaida antzuak eta kaltegarriak sortuz. Hemen baina ez diogu kasu handiegirik egin nahi polemika horiei eta beste datu esanguratsu batzuk partekatu nahiko genituzke zuokin; baliteke aparatu mediatiko horiek estali nahi duten errealitatearen zantzuak topatzea hauetan. Labur erranda: Nafarroako Eremu ez euskalduna ez da existitzen.

Lizarrako 2011-2012 eskolatze datuak hartuta, D eredua soilik kontutan hartuta (Lizarra Ikastola eta Remontival eskola publikoa), 1.000 haur eta gazte inguru ditugu euskarazko murgiltze ereduan (aztertutako ikasleak Remontivalen LH eta HE dira eta Ikastola osoa, DBH arte). Emaitza aski esanguratsuak dira: ikasleen %52 Lizarrakoa da, %11 Lizarra ez den Eremu mistokoa (Deierri, Lezaun, Abartzuza, Gesalatz eta Jaitz) eta %37 Lizarraldeko Eremu ez euskalduna delakokoa. Garesko eskola aztertuko bagenu, D ereduko 150 haur pasatxotik %58 Gareskoa da eta %42 Eremu ez-euskalduna delakokoa (eskualde osoa Gares izan ezik Eremu ez euskalduna dugu). Hau da, zailtasun handiak gaindituz, eta horretarako eskubidea onartua izan ez arren, familia hauek euskaraz ikasteko apustua eta ahalegina egin dute urtetan.

Zuzeutik hartuta
(Zuzeu albistegi digitaletik hartutako irudia)

Ezpairik gabe aski datu argigarriak dira, datorren astetik aurrera argitaratuko dugun Kotarro aldizkarian informazio gehiago emanen dugu familia hauek pairatzen dituzten albo-ondorio larri eta eskandalagarriekin. Hori bai dugula zalaparta handia sortzeko motibo nahikoa. Doala hemendik besarkada beroa eskualdeko euskal murgiltze ereduen alde dabiltzan irakasle, bestelako langile eta, bereziki, familia horiei.

Eremu ez euskalduna delakoa
Eremu ez euskalduna delakoa
(nabasque.org webgunetik hartuta)

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena