Datorren ostiralean, ekainak 9, 19:30ean Joseba Irazoki eta Piedra izanen ditugu Bota Peñan; 3 euroan bazkideak eta 5 besteak.
Joseba Irazoki, jakin-mina bere baitan errotua duen joera askotariko gitarrista polifazetikoa, konposizioan ez ezik inprobisazioaren munduan ere gogo biziz barneratzen dena. Gure musikari beratarra jadanik nahitaezkoa bihurtu zaigu, eta orain bakarka dator, one man band formatuan. Kantatzeaz gainera, hainbat soinuren efektuak eta programazioak maneiatzen ditu, eta gitarrei, harmonikari eta bonboari hitz eginarazten die. Zein den azken helburua? Erritmo eta soinuen anabasa neurtu bat sortzea, hainbat kalibretako konposizio genuinoak disparatuz. Folka, bluesa, psikodelia eta tresnen esperimentazioa: proposamen artistiko bikain bat, harrigarria eta sailkaezina aldi berean.
Piedra 2018ko uda hasieran Iruñean sortutako banda instrumental bat da, Juantxo (Gitarra) eta Alberto (Baxua eta teklatuak) Anderrekin (Bateria) elkartzen direnean proiektu musikal hau hainbat eraginekin hasteko. Estudioko bi grabazio dituzte, “Piedra” lehen diskoa eta “Horizonte de sucesos” lan berria, ekainaren 9an Peña La Botan (Lizarra) aurkeztuko dutena.