Honakoa laugarren urtea izanen da Lizarra Ikastolak Gau Beltza antolatzen duela Lizarran, eta ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatuko dira. Besteak beste, ostegunen eskulan tailerrak haur zein gurasoentzat, eta ostiralean festa handia.
Urriak 30, ostegunarekin: 17:00etatik Ikastolako jantokian haur eta helduentzako tailerrak: mozorroak eta kalabazak prestatzeko.
Urriak 31, ostiralarekin:
- 18:00/19:15 – Lizarra Ikastola – Txokolatada, fotokola, aurpegi margoketa, beldurren txokoak, maskaren txokoa, Kantuz eta dantza.
- 19:15 Kalejira. Lizarra Ikastolatik Santiago plazara.
- 19:30 Santiago plazan dantza Larraizarekin, Kuia saltoa eta beldurrak erretzea.
Oharra: Gogoratu! ekarri txokolaterako edalontzia!
Domu Santuen eguna hainbat herri eta txokotan ospatu da, tradizioz. Heriotzak agintzen du ospakizun horretan eta Lizarraldeko hainbat herritan ere ospatua izan da. Azken urteotan Halloween izeneko festa hartzen ari zaio lekua itzalita zegoen ospakizun horri. Izena aldatzearekin batera, festa horrek bestelako baloreak ekartzen ditu gurera: plastikozko kuiak eta erositako mozorroak, tradizio anglosaxoi berriaren estetika, ingelesa e.a.
Horren aurrean, Gau Beltzak garai bateko bertako tradizioak berreskuratu nahi ditu, bultzatu nahi diren baloreei eutsiz, baina XXI. mendeko errealitatera ekarrita. Hala, Gau Beltza tokian tokira egokitutako festa behar du eta gazteei erdigunea hartzeko proposamena egin nahi dio.
Hala, Gau Beltza hainbat baloreren (hemen xehe azalduta) bultzatzaile izan naahi du: Euskaraz sortzea euskaraz bizitzeko; komunitatea ardatz izango duen festa berrasmatzea; iluntasunaren festa bilakatzea beldurrak gainditzeko bidea; Naturarekiko lotura berreskuratu eta betaurreko Moreak jantzita. Hau da, Gau Beltzak izena eta izana nahi du izan.
Orain lau urte, 2022an, Ikastolak lehenbiziko Gau Beltza antolatu zuen Lizarran (ordurako Abartzuzako eskola ere hasia zen), eta aurten Remontibalgo D ereduak ere kalera aterako du festa. Kolektibo ugari, bi egun, bi plaza, bi antolatzaile, aukera bikoitza Lizarra euskaldunago, naturarekiko lotuago, euskal komunitate sendoago, moreago eta biziago bat eraikitzeko!





